Ikerketa egingo duten bi langileak, udal ordezkariak eta Baigerako kideak. (Ihintza Elustondo)
Azpeitiko Udalak eta Baigerak elkarlanean ikerketa bat jarri dute martxan 80 urtetik gorako herritarren beharrak ezagutzeko asmoz. Estitxu Elduaien zinegotziaren arabera, helburu bat du egitasmoak: "80 urtetik gorakoen egoera zein den ikustea, udalak haiei ahalik eta baliabide egokienak eskaintzeko". Izan ere, haren arabera, badaude herrian adineko batzuk "baldintza onetan" ez daudenak.
Azpeitian 925 pertsonak dituzte 80 urtetik gora. Horiek guztiek udalarekin duten harremana zein den aztertu dute, eta erabaki dute 552 adinekoren etxeetara joatea banan-banan. Hain zuzen, sekula Gizarte Zerbitzuetara jo ez dutenak –199 pertsona–, eta jo badute ere, diru laguntzarik jasotzen ez dutenak daude talde horretan. Haien etxeetara joango dira Naroa Otaegi eta Aitor Beloki gizarte langileak bakoitzaren egoera zein den ikustera.
Gaur hasi dira udaleko bi langileak zeregin horretan, eta martxoaren erdi aldera amaituko dituzte bisitak. Lehenik eta behin, gutun bat bidaliko dute adinekoen etxeetara ikerketaren berri emateko, eta telefonoz deitu ere egingo dituzte hitzordu bat zehazteko. Haietako bakoitzaren egoera fisikoa, psikikoa nahiz ekonomikoa zein den ezagutzeko, galdetegi bat prestatu dute, eta udalak dituen diru laguntzen inguruko informazioa ere emango dute bisitetan.
Kolaborazioa eskatu du Baigerak
Baigerako Joxe Mari Iturriak nabarmendu du 80 urtetik gorako azpeitiarren %70 emakumeak direla, eta, beraz, ikerketak gehien emakumeei eragingo diela. Horrez gain, herritarrei kolaboratzeko eskatu die, "adinekoen onerako" izango delako diagnostikoa. "Bizi baldintzak hobetzeko balioko du, eta denon onerako izango da. Herrian ez dadila laguntza jasotzeko aukera duen inor laguntzarik jaso gabe geratu".
Elduaienen arabera, ikerketa 65 urtetik gorako herritar guztiekin egitea da udalaren asmoa. Baina dituzten baliabideak direla eta, lehenik 80 urtetik gorakoekin hastea erabaki dute. Beraz, bigarren fase bat izango du egitasmoak.