Datorren astean segituko du Loiolako herri harresian atxilotutako bi lagunen aurkako epaiketak

Urola Kostako Hitza 2017ko urtarrilaren 26a

Gaur, bi ordu eta erdi geroago hasi da Loiolako herri harresian atxilotu zituzten Esteban Orbegozo azpeitiarraren eta Beñat Hach Embarek ormaiztegiarraren aurkako epaiketa Donostiako Lurralde Auzitegian. Auzi saioa luzatu egin dela eta, bertan behera utzi eta atzeratu egin dute. Datorren ostiralean segituko du epaiketak, perituen frogak eta ondorioak falta direlako.

2014an Loiolako Askegunean egin zuten herri harresian atxilotu zituzten bi lagunen aurkako epaiketa 11:30ean zen hastekoa Donostiako Lurralde Auzitegian, baina bi ordu eta erdi geroago hasi da. Asko luzatu da epaiketa, eta, azkenean, bertan behera gelditu da. Horrenbestez, datorren ostiralean jarraituko du. Ez dute zehaztu auzi saioaren ordua. Esteban Orbegozo azpeitiarra eta Beñat Hach Embarek ormaiztegiarra dira bi auzipetuak, eta akusazio partikularrak 21.292 euroko eta hiruna urteko espetxe zigorra eskatzen du haientzat, desobedientzia eta autoritatearen aurkako atentatua egotzita. Fiskalak, berriz, zortzi hilabeteko zigorra eskatu du, desobedientzia eta erresistentzia delituengatik. Epaiketa hasi aurretik, Libre dinamikak deituta, elkarretaratzea egin dute dozenaka lagunek epaitegiaren aurrean. Azpeitian, gainera, dozenaka ikaslek elkarretaratzea egin dute Sanjuandegiko biribilgunean. Donostiara joan diren Libre dinamikako kideek azaldu dutenez, ez diete utzi epaitegiko aretora sartzen. "Ertzain ugari joan da, eta guk ere sartu nahi genuen. Esan diegu auzipetuen senideek eta lagunek ere bazutela auzi saiora sartzeko eskubidea, eta, sartzen ari ginela epaileak inor ez sartzeko agindua eman du". Hala, epaiketan parte hartu behar zuten pertsonak eta akreditatutako kazetariak soilik izan dira aretoan. Hodei Iruretagoiena Berriako kazetariak auzi saioaren jarraipen zuzena egin du, eta hark Twitterren egin duen kontakizunaren arabera, auzipetuek, hainbat ertzainek, akusazio partikularrak eta lekukoek hitz egin dute epailearen aurrean. Bihar zortzi segituko du epaiketak, perituen frogak eta ondorioak falta direlako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide