Apirilaren 5eko goizaldean igaroko da
20. Korrika Azpeititik, eta hura prestatzen hasteko Korrika batzordeak lehenengo bilera egingo du gaur, 20:00etan, Sindikatu Zaharrean.
Aurtengo Korrikaren nondik norakoak eta Azpeitian egingo dituzten ekintzen berri emango dute bileran, eta bertaratzen direnek bestelako proposamenak egiteko aukera ere izango dute. Era berean, herrian egin beharreko lanak zerrendatu eta banatuko dituztela jakinarazi dute.
Herritarrei dei egin die "konpromisorik" gabe bertaratu daitezen: "Bertan entzundakoaren arabera erabakiko duzu, gero, zeure ekarpena zein izan daitekeen; eta, inolako aukerarik izango ez bazenu ere, Korrika geure herrian izango dela ezagutu eta zabal dezazun da gure nahia". Korrikaren helburuak bete daitezen, guztien "ekarpena eta ahalegina" beharrezkoa dela azpimarratu dute.