Azpeitiko Udalak eskerrak eman dizkie aurtengo sansebastianak antolatzen aritu diren eta festaren parte izan diren herritar guztiei. "Hotza egin badu ere, jendea ez da beldurtu, eta San Sebastian bezperan nahiz egunean jendetza izan zen kalean danborradak ikusten". Mikel Ibarzabal Festa batzordeburuak azaldu duenez, "izugarria" izan da aurtengoa: "Inoiz baino talde gehiago atera dira
danborradan, eta behin ere baino herritar gehiago izan da festaren parte".
Udalak "bereziki" eskertu ditu Imanol Elias zenaren, Agustin Prat zenaren eta Luciano Lazkano zenaren senideak, "San Sebastian bezperan ikurrina igo zutelako". Hazpandarrentzat ere esker hitzak izan ditu udalak. "San Sebastian eguna berezia da azpeitiarrontzat, eta
hazpandarrak gure artean izateak bereziago egin zigun festa", azadu du Ibarzabalek. "Senidetzatik haratago ere gauza askok elkartzen dituzte bi herriak, eta horietako bat danborrada da; izan ere, ekinean Hazparnen egingo den danborradan Azpeitiko talde batek parte har dezan saiatuko da udala". Gonbidatu horiei guztiez gain, Quintana de la Senerako (Badagoz, Extremadura, Espainia) alkate
Jose Angel Benitez Nogalesi eta harekin etorritako bi zinegotziei ere eskerrak eman dizkie udalak, "hemendik aurrera harremanak lantzeko eta sendotzeko erakutsitako konpromisoagatik".
Asteburuan ere festa giroa izan da nagusi herrian, eta, besteak beste, haurrentzako ekitaldiez, zezenaz eta
txu-txu trenaz gozatu ahal izan dute herritarrek. Azken horri lotuta, udalak adierazi du udara begira, txu-txu trena jartzeko ideia aztertu ostean, probatzea zutela helburu, eta herritarren erantzuna ikustea nahi zutela. "Izugarria izan da jendearen erantzuna. Zapatuan, sei ordutan, 900 lagunetik gora ibili ziren trenean. Izugarrizko arrakasta izan du", adierazi du Ibarzabalek.