Azpeitiko udaletxeko balkoian herriko bandera jaitsita bukatu da aurtengo danbor festa. Atzo gauerdian jaitsi zuten bandera. Bandera jaitsierako danborradan hamabi danbor taldek hartu zuten parte. San Sebastian eguna ostirala egokitu denez, ohi baino talde gehiagok parte hartu dute desfilean: Itsasi, ISBren taldea, Gure Ametsa, Harkaitza, Etxera, Loiolabide-Zahar, Oñatzbideko gastadoreak, Zokoa, Ardozaleak, Sanjuandegi, Alkartasuna eta Basazabal. Gauerdirako plazan bildu eta orduan jaitsi zuten herriko bandera udaletxeko balkoian.
Aurten, gainera, gonbidatu bereziak izan dira bandera jaisteko ekitaldian. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatearekin batera, Quintana de la Serenako (Badajoz, Extremadura, Espainia) Jose Angel Benitez alkateak eta udal ordezkariek eta hangoak izan eta Azpeitian bizi diren hainbat herritarrek parte hartu zuten. Ondoren, Azpeitiko Udalaren eskutik oroigarri bat jaso dute. Benitezek Azpeitiko Udala eta herritarrak eskertu zituen.
Aurtengo danborradak bukatuta eta bandera jaitsita, baina sansebastianei lotutako festetako ekitaldiek jarraitu egingo dute gaur eta bihar.
EGITARAUA:
-
Zapatua, urtarrilak 21 – Goizez eta arratsaldez. Txu-txu trena ibiliko da kalez kale, plazatik abiatuta. – 16:00etatik 20:00etara. Haurrentzako jolas parkea izango da Olazko Andre Mariaren plazan. – 23:00. Willis Drummond eta Niña Coyote eta Chico Tornadoren kontzertuak eskainiko dituzte Sanagustin kulturgunean. Emanaldiak doakoak izango dira.
-
Igandea, urtarrilak 22 – 12:00. Sokako zezen txikiak, Erdikaletik plazara. Ondoren, zezen txikiak eta poniak izango dira plazan. – 16:30. Sokamuturra, Erdikaletik abiatuta.
[flickr_set id="72157675676953684"]