Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Eguraldi eguzkitsua lagun eta hotzari aurre eginez, haurren danborradak hartu du San Sebastian eguneko eguerdia. Pozik ibili dira Azpeitiko Ikastola Ikasberriko, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko, Iraurgi Ikastetxeko, Itsasi Euskal Kultur Taldeko eta Juan Antxieta musika eskolako taldeak, Hazparneko haurrekin batera, kalerik kale. 12:30ean atera dira talde guztiak Bustinzuriko Errebaletik eta Artzubitik, eta 14:00ak inguruan bukatu dute emanaldia, plazan, danborradako hainbat abesti jota
Azpeitia eta Hazparne senidetu zirela 30 urte dira aurten, eta hori zen aurtengo karrozarako gaia. Haren lehiaketa hutsik gelditu zen, eta udalak hala eskatuta, Leire Iriarte eta Naiara Larañagak egin dute karroza. Talde guztiak plazan zirela, Hazparneko ordezkariei harrera egin die udalak; udaletxean izan da Daniel Camblong hazpandarra, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatearekin eta hainbat zinegotzirekin.
Festak jarraipena izango du gaur gauera arte; izan ere, arratsaldean, 16:30 sokamuturra izango da. Ondoren, 23:15ean, hasiko da banderaren jaitsieraren aurreko desfilea. Hamabi taldek parte hartuko dute: Itsasi, Harkaitza, Etxera, Arrantzaleak, Gure Ametsa, Zokoa, Ardozaleak, Iraurgi Saskibaloia, Sanjuandegi, Alkartasuna, Basazabal eta Loiolabide-Zahar.
[flickr_set id="72157677879810450"]