Madalena auzoko ermitaren ondoko etxea. (Uztarria)
Azken urteotan, etxebizitza horien egoera okertzen ari zela ikusirik, Azpeitiko Udalak Madalenako ermitaren ondoan egoera txarrean zeuden hiru eraikinak erosi eta horiek eraisteko plana jarri zuen abian. Duela urtebete, ermitaren beste aldean jabetzan zuen etxebizitza eraitsi zuen Azpeitiko Udalak, eta, aste honetan, Madalena auzoko ermitaren ondoan dauden bi etxebizitza eraisten ari da. "Etxebizitza horiek eraitsita, Azpeitiko monumentu historikoa babestearen aldeko neurriak hartu ditugu, eta horrekin batera, Madalena auzoa bera txukuntzeko eta balioan jartzeko neurriak hartzen ari gara", azaldu du Aitor Bereziartua Hirigintza zinegotziak.
2006an Madalenako Baseliza monumentu historiko-artistiko izendatu zuten, eta ordutik babestutako eraikina da. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean ere aipatzen da hori, eta ermitaren alde banatan dauden eraikinak "ez direla erabat egokiak edo ez datozela bat eraikinarekin" diote. Horren harira, babes araudiaren bi aukerak zerrendatzen ditu iragarkiak: eraikinak eraistea eta berririk ez eraikitzea; edo orduko egoerari eustea, soilik sendotze lanak edo lehenagoratzekoak baimenduta, itxitura-hormak eta elementu inguratzailean atxikituta.