Elkar-Ekinek herritarren jarrera txalotu du, Elkargunera materiala eraman izanagatik

Urola Kostako Hitza 2017ko urt. 17a, 11:45

Herritarrei ez ezik, beste hainbat lekuetara bideratu dute jasotako arropa. (Elkar-Ekin) Azpeitiko Elkar-Ekin taldeak urtebete baino gehiago darama Elkargunearen barruan arropa bildu eta banatzen. Ordutik, "sekulako arropa pila" bildu dute bertan, eta herritar talde batek ordenatzen, txukuntzen eta banatzen du guztia. Azpeitiko Udaleko zerbitzu sozialak bideratzen du ekimena, eta arropen beharra dutenen artean "lehentasunez" banatzen dute gero. Hain zuzen, zerrenda horren bidez, iaz 409 lagunei banatu zieten arropa, bi alditan: bata neguan eta bestea udan. Era berean, adierazi dute zerrenda horretan ez dauden beste hainbat herritarrek ere jasola dute arropa, neguan batez ere. "Konfiantzazko hainbat kooperazio talderen bidez" ere hainbat herrialdetara bidali dute materiala; hala nola, Senegalera, Paraguayra, Greziara eta Saharara. Horrez gain, Lakabe herri okupatura eta Donostiako aterpetxera ere bideratu dute. Jasotako erantzunaren aurrean, herritarren jarrera txalotu du taldeak, "asko izan direlako arropa eta bestelako materiala Elkargunera ekarri dutenak". Elkarrekinek adierazi du bere helburua dela "elkartasun sarea" indartzen joatea, eta hori herritarren parte hartzearekin izango dela azpimarratu du. "Elkartasuna antolatzeaz gain, arazo horien oinarrietara jo eta injustizia egoerak gainditzeko beharrezkoak diren aldaketa sakon horietan eragiten jarraitu nahi dugu, benetako soluzioak gizarte justu baten eskutik etorriko direla uste baitugu. Gure txikian, aldaketa sakon hauei gure aletxoa jartzen saiatuko gara etorkizunean ere", esan dute. Aurrerantzean ere arropa eta bestelako material erabilgarriak jasotzen jarraituko dute Soreasun duten Elkargunean. Ostiraletan, 16:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan 10:00etatik 13:30era egongo dira horretan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide