Emakumeak korrika egitera animatzeko egitasmoa abiatu dute Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2017ko urtarrilaren 16a

Azpeitiko Udaleko Kirol Sailak Zuk ere ahal duzu! ekimena jarri du martxan 11. aldiz. Emakumeak korrika egitera anima daitezen, bost asteko korrika saioak egingo dituzte. Lasterka egitearen onurak eta abantailak azalduko dituzte saioetan. Era berean, taldean aritzeak eragiten duen balio erantsia ere azpimarratuko dute. Hamalau urtetik gorako emakumeek parte hartu ahal izango dute programan. Korrikan eginda aritutakoek nahiz inoiz egin gabekoek eman dezakete izena, asteazkenetik aurrera, igerilekuan. 20 euro ordaindu beharko dute izena ematen dutenek. Urtarrilaren 30ean, astelehenean, egingo dute lehenengo saioa, eta ondorengoak honako egunetan izango dira: otsailaren 1ean, 6an, 8an, 13an, 15ean, 20an, 22an eta martxoaren 1ean. Saio praktikoak astelehen eta asteazkenetan izango dira, eta bi txanda izango dira. Talde bat goizez arituko da, 10:00etatik 11:15era. Arratsaldekoak, berriz, 19:15etik 20:30era elkartuko dira, igerilekuan. Saio guztiak prestatutako monitore batek gidatuko ditu. Izena ematen duten artean bilera informatibo bat egingo dute hilaren 25ean, zalantzak argitzeko asmoz. Goizeko txandakoek 10:00etan egingo dute bilera, eta arratsaldekoek 19:15ean, igerilekuan. Informazio gehiagorako, berriz, 943-15 00 95 telefonora deitu edo kirolak@azpeitia.eus helbidera daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide