Goya sarietarako irudi finalista (Xanti Rodriguez)
Azpeitiko bi argazkilarik berri pozgarriak jaso dituzte egunotan. Xanti Rodriguez 2017ko argazkilaritzako
Goya Sarietarako finalera sailkatu da, eta One Eyeland publizitate agentziak
Alex Berasategiren argazki bat aukeratu du bere webgunerako. Biak ala biak "pozik" daude jasotako aitorpenekin.
Goya sarietako sorkuntza librearen arloan hautatu dute Rodriguezen irudia. Zuhaitz itxura hartzen duen emakume bat ageri da argazkian, eta egileak adierazi duenez, "metamorfosi" baten irudia da. "Askatasuna adierazi nahi izan dut. Ez irudian ageri dena emakumea delako, baizik eta gizakiaren askatasuna eta sormena irudikatu nahi izan ditut. Finean, naturaren aldeko oihua da. Munduari, naturari, lotuta gaude gu, eta horren isla izango litzateke".
Rodriguezen argazkiarekin batera, beste zazpi irudi hautatu dituzte finalerako. Aragoiko Argazkilari Profesionalen Elkarteak (AFPA) banatzen ditu sari horiek, eta urtarrilaren 28an jakinaraziko dute zein izan den irabazlea. Rodriguezek "zaila" ikusten du irabaztea, baina esperantza "sekula ez" dela galtzen dio.
Aurretik ere hainbat alditan egon da Rodriguez argazkilaritzako Goya sarietako finalisten artean, eta 2015ean publizitate arloko saria eskuratu zuen.
'Oneeyeland.com' atarirako aukeratu duten argazkia. (Alex Berasategi)
Berasategi, probak egiten
Berasategiri "sekulako ilusioa" egin dio bere lan bat Oneeyeland.com orrialderako hautatu izanak. Aurrez saiakera bat baino gehiago izan ditu, baina aukeratuen artean izatea "oso zaila" dela dio.
Argazkilaritzan teknika bat baino gehiago erabiltzen dira, eta Berasategiri denetarik probatzea gustatzen zaio. "Haurdunaldiko argazki batekin behin ere landu gabeko teknika bat probatzen ari nintzen, erakusketa bikoitza izenekoa. Zerbait desberdina egin nahi nuen, eta argazkiari txori batzuk sartu nizkion. Polita gelditu zela iruditu zitzaidan, eta bidali egin nuen. Baina ez nuen aukeratuko zutenik espero".
Aurretik Berasategiren beste argazki bat aukeratu zuten webgune bererako: BMW auto baten muturra ageri den publizitateko irudi bat. "Oraingo lana oso desberdina da, beste estilo batekoa. Argazkilari bakoitzak bere estiloa izaten du, baina niri denetarik egitea gustatzen zait. Bizitzan bezala, denetarik probatu behar da".