Dantza jauziak egingo dituzte igandean, Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2017ko urtarrilaren 2a

2017. urteko lehenengo saioa izango da 12:00etan, plaza nagusian

Mutxikoen emanaldietako bat. (Azpeitiko Kultur Mahaia)

Igandean izango da aurtengo lehenengo dantza jauzien saioa, 12:00etan, plaza nagusian. Urrian ekin zioten laugarren urtez jarraian mutxikoen emanaldiei Sahatsa Dantza Taldeak, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko Dantza Eskolak, Azpeitiko Kultur Mahaiak eta Kulturaz Kooperatibak. Duela hiru urte jarri zuten martxan hainbat kultur taldek mutxikoen proiektua. Hileko bigarren igandeetan herriko hainbat txokotan elkarlanean antolatu izan dituzte dantza jauziak, eta aurtengoan ere ildo beretik jarraituko dute.

Azken hamarkadetan Ipar Euskal Herrian tradizio handia izan duten dantza jauziek berpizkundea bizi izan dute, eta hegoaldeko herri askotan tradizio hori ikasteko saioak egin dituzte, tartean, Azpeitian. Dantzak zabaldu eta herritarrengana gerturatzea da egitasmoaren helburua, ikusteko ez ezik, jendeak parte hartzeko saioak ere badira eta.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide