Lasaoko, Nuarbeko eta Urrestillako bizilagunak Imanol Lasarekin elkartu dira Aldundiaren karpan. (Julene Frantzesena)
Gipuzkoako Foru Aldundiaren herriz herri egiten ari den
Aurrekontu Irekiak egitasmoaren karpa Azpeitian izan da gaur, asteartea. Olazko Andre Mariaren plazan jarri dute gunea, eta herritarrek informazioa jasotzeko edota ekarpenak egiteko aukera izan dute goizean nahiz arratsaldean. Eguerdi partean bertan izan da Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatua. Prentsari egitasmoaren berri eman dio hark, eta hainbat herritarrekin ere elkartu da.
Hainbat herritarren gisan, besteak beste, Urrestillako, Nuarbeko eta Lasaoko bizilagunak karpan izan dira eta beren eskaera nagusiak Lasari helarazteko aukera izan dute. Urrestillako Zurrunbillue elkarteko kideek, esaterako, Azpeitia eta Urrestilla lotzen dituen bidegorriaren lehentasuna azpimarratzeko eta erregistratu zituzten 900 sinadurei erantzun ofiziala emateko eskatu diote diputatuari. Gainera, bidegorri horren inguruko informazioarekin eta egin diren urratsekin-eta osatutako txosten bat eman diote Lasari. Horiez gain, Nuarbeko auzo alkatea ere bertan izan da, eta hark auzoko ur hornidurarekin arazoak dituztela eta Urrestilla eta Nuarbe arteko errepidearen egoera eskasa dela jakinarazi dio. Lasaoko bizilagunak ere Lasarekin bildu dira mahaiaren bueltan, eta auzotik igarotzen den bidegorriaren lotunearen egoera konpontzeko eskatu diote diputatuari; izan ere, Diputazioak pasabidea errepide gainetik egitea du aurreikusita, eta auzotarrek trenbide ondoko tuneletik egiteko eskatu diote.
Gaur karpara joan eta eskaerak egiteko aukerarik izan ez duten herritarrek modu bat baino gehiago dituzte proposamenak egiteko. Etxera bidali dituzten eskuorriak bete eta udaletxera eraman edo Aldundira bidal daitezke. Horrez gain,
aldundiaren webgunean ere egin daitezke eskaerak.
Lasak azaldu duenez, orain ari dira aldundiko departamentu guztietan hurrengo urterako planak, egitasmoak eta inbertsioak zehazten: "Nahi duguna da herritarrekin partekatzea zenbaki horiek eta herritarrei eskatzea beren ideiak eta proposamenak. Horiek jaso eta aintzat hartuko ditugu, eta, ahal den heinean, aurrekontu proiektuan sartu". Lasak esan duenez, ideia guztiak ezingo dituzte aurrekontuetan sartu, baina jendeari esango diote "zer sartzen den eta zer ez, eta zergatik".
Herriz herri jasotzen dituzten ekarpenez gain, eragileekin eta herritarrekin topaketak egingo dituzte urriaren erdi aldera bitartean, ordura bitartean garatuko baitituzte aurrekontuak. "Nahi duguna da aurrez aurre iritziak jasotzea", esan du Lasak. Hark esan duenez, Gobernu Kontseiluak urriaren bukaeran onartuko ditu 2017rako aurekontuak, eta alderdiekin eztabaidatu eta haien ideiak jaso ostean, abenduan, onartuko dituzte behin betiko.
Gipuzkoako 16 herritan jarriko dute karpa datozen egunetan. Ostiralean Zarauzko Kale Nagusian izango da karpa, 10:00etatik 13:30era eta 15:30etik 19:00etara.
Hona hemen, goizeko argazki batzuk: