"Herritarren bizi kalitatea hobetzeko", landa eremuan hainbat lan egin ditu Azpeitiko Udalak

Urola Kostako Hitza 2016ko abenduaren 30a

200.000 eurotik gorako inbertsioa egin duela jakinarazi du udalak. Datorren urtean ere lanok egiten jarraituko duela adierazi du.

Azpeitiko Udala landa eremuko baserrietarako bideak hobetzen ari da, eta aurten, bide horiek egiten edo konpontzen, 200.000 eurotik gorako inbertsioa egin duela jakinarazi du. Aurrekontuetan 75.000 euroko partida aurreikusi bazen ere, baserrietarako hainbat bide egokitzeko eta bideen segurtasuna bermatzeko beharra zegoela ikusita "esfortzu handiagoa" egitea erabaki du udalak. "Landa eremuko bide guztiak egoera onean izateko lan handia egiten dugu, horrek eremu horietako herritarren bizi kalitate hobetzen duelako”, adierazi du Josu Labaka zinegotziak. Haren arabera, landa eremuko bide sare egokia izateak, baserrietako jarduera ekonomikoa laguntzen du, eta udalak lehen sektorearen sustapenaren estrategiaren baitan kokatzen du ahalegin hori. Hala ere, udalek lan horietarako jasotzen dituzten laguntzak "oso mugatuak" direla ere salatu nahi izan du Labakak.

Azken hilabeteetan, Elosiaga auzoko Arizmendi baserrirako bidean bionda jarri du udalak, segurtasuna bermatzeko. Horrez gain, Garai baserriko arditegira ur hornidura sarea eraman du. Matxinbentako Largarate behekoa baserrira ramala egiteaz gain, bidean zeuden zuloak tapatu eta konpondu dituzte, eta Izarraitz auzoko Urbigaindik gorako bidea hormigoitu da. Gainera, beste hainbat bide malkartsutan biondak jarri dira segurtasuna bermatzeko. "Azken urteotan landa eremuko etxe askotarako bideak egin edo konpondu ditugu, eta bide horretan segitzea aurreikusten dugu hurrengo urteetan ere", adierazi du Labakak.

Udalak adierazi duenez, guztira, landa eremuko 120 kilometro baino gehiago daude hormigonatuta gaur egun: "Bideak egiteaz gain mantenu lanak ere garrantzitsuak dira herritarren segurtasuna bermatzeko, eta horretan ere lan handia egiten dugu". Udalak, urtero, 40.000 euroko diru-poltsa jarri ohi du lan horietarako. Bide horretan, 2017an ere diru-poltsak jarri ditu landa eremuko bide sarea konpontzeko eta mantentzeko; besteak beste, 100.000 euro bideak konpontzeko, 40.000 euro mantenu lanetarako eta 4.000 euro postontziak konpontzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide