2017rako hainbat hobekuntza egingo ditu Udal Kirol Patronatuak

Urola Kostako Hitza 2016ko abenduaren 29a

Bazkidetza kuota bere horretan mantentzea erdietsi du patronatuak. Aurrerantzean, larunbat eguerdietan ez dute itxiko igerilekuaren eraikina, eta igandeetan ordubete gehiago izango da zabalik.

Igerilekuaren eraikina. (Azpeitiko Udala) Azpeitiko Udal Kirol Patronatuak hainbat hobekuntza egingo ditu urte berriarekin, eta kuota mantentzea erdietsi dute. Batetik, igerilekuko ordutegia zabalagoa izango da, eta larunbat eguerdietan ez dute itxiko; horrenbestez, 09:00etatik 20:00etara izango da zabalik zapatuetan. Igandeetan, berriz, ordubete gehiagoz izango da irekita; hain zuzen, 09:00etatik 14:00etara. Bestetik, langabezian dauden herritarrek eta ikasten ari diren 30 urtera arteko langabezian diren eta gurasoen etxean bizi diren biztanleek ez dute beste bazkidetzarik egin beharko; hau da, familia abonuaren barruan sartuko dira. Orain arte, hobari hori jasotzeko muga 25 urtera artekoa zen. Horiez gain, uda ondoren bizikleta gehiago jarri zituen patronatuak gimnasioan, eta luzaketak egiten gune bat ere egokitu dute behin-behinean. Horrez gain, eraikinaren azken solairuko eremu bat berrituko dute, "gune argitsuagaoa eta erabilgarriagoa" bilakatzeko. Patronatuko ordezkariek azaldu dutenez, igerileku eraikinean energia aurrezten jarraitzeko proiektu berri bat ere garatuko dute. Estitxu Elduaien Azpeitiko Udaleko Kirol batzordenburuak azaldu duenez, "hobetzen" jarraitzea da udalaren xedea, "ahalik eta kirol eskaintza publiko onena eskaintzeko helburuarekin". Horregatik, aurten herritarrekin egindako hainbat bileratan ekarpenak jaso ondoren, berrikuntzak egitea erabaki dutela adierazi du Elduaienek. "Etengabeko hobekuntza da erronka, baina zerbitzu publikoa dela jakitun, diru publikoaren kudeaketak eskatzen duen arduraz jokatuko" dutela esan du. Egun 6.350 herritar baino gehiago dira Udal Kirol Patronatuko bazkide, eta udalak esan duenez "nabarmen" egin du gora kopuruak. Hala, herritarrei informazioa helarazteko bideak ere hobetu egingo dituztela jakinarazi dute, bai modu digitalean eta bai bestelakoan. Kirol Patronatuak @azpeitikoK Twitter kontua eta Azpeitiko Kirola Facebookeko orria ditu, eta herritarrek informazioa behar badute azpeitia@kirolak.eus helbidera idatzi besterik ez dutela gogorarazi dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide