Datorren udazken hasieran estreinatuko dute 'Pasaiako badia' dokumentala

Urola Kostako Hitza 2016ko abenduaren 29a

Oinatzak produkzioakeko kideek 10.000 eurotik gora bildu dituzte crowfunding kanpainari esker. Hainbat erakusketa jarriko dituztela iragarri dute filmaren egileek.

Oinatzak produkzioakek Pasaiako badia dokumentalaren crowfunding kanpainaren baloarazio positiboa egin du; izan ere, lan hori egiteko 10.000 eurotik gora jaso dituzte 40 egunetan. Oinatzakekoek azaldu dutenez, helburua kanpainaren lehenengo lau egunetan bete zuten. 8.000 euro biltzea zuten xede, eta gainditu dute zenbateko hori, 300 lagunek baino gehiagok egindako ekarpen ekonomikoari esker. Oinatzakeko kideak "elkartasuna eta babesa" sentitu dutela azaldu dute, "proiektua aurrera eramateko indarra eman" diotela aitortzearekin batera. "Era berean, kalitatezko film bat egin eta ahalik eta hedapen zabalena emateko ardura ere sentitzen dugu". Haien arabera, crowdfunding kanpainak finantzaziorako ez ezik, dokumentala eta Pasaiako kasua bera gizarteratzeko ere balio izan du. "Proiektuari ekarpen ekonomikoa egin diotenei nahiz dokumentala zabaltzen lagundu diguten guztiei gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu".Crowfunding kanpaina martxan zen bitartean, dokumentalaren inguruko erakusketak jarri dituzte Eibarren, Azkoitian, Pasai Donibanen eta Errenterian. Gainera, kanpaina amaitu bada ere, urtarrilaren 20ra arte Donostiako Kaxilda liburutegian izango da erakusketa. Eta Oinatzakekoek esan dute datozen hilabeteetan leku gehiagotan jartzeko asmoa dutela. Dagoeneko grabaketa, edizio, posprodukzio eta hedapen lanetan murgilduta dabiltza Oinatzakeko kideak, eta haiek esan dute, gauzak ondo bidean, 2017ko udazkenaren hasieran estreinatuko dutela filma.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide