Autobus geltokietan aldaketak izango dira zapatuan Azpeitian, San Silbestre lasterketa dela-eta

Urola Kostako Hitza 2016ko abenduaren 28a

Bestalde, bihar izango da lasterketa nagusian eta patinatzaileen proban izena aurrez emateko azken eguna. Egunean bertan ere eman ahalko da izena, dortsalak sobratzen baldin badira.

Zapatuan, abenduaren 31n, San Silbestre lasterketa izango da Azpeitian, eta, horregatik, 11:00etatik 13:00etara Julian Elorza hiribideko, Burdinbidearen Euskal Museoaren ondoko eta anbulatorio aurreko autobus geltokiak bertan behera geldituko dira. Julian Elorzako eta Burdinbidearen Euskal Museoko autobus geltokiak, sahiesbidera, museoko oinezkoentzako zubiaren parera, lekualdatuko dituzte. Anbulatorioko autobus geltokiak, berriz, Loiola etorbideko (Esklaba pareko) geltokietara aldatuko dituzte lasterketak irauten duen bitartean. Lasterketarako izen-ematea, zabalik Bihar izango da San Silbestre proban aurrez izena emateko azken eguna. Proba nagusian parte hartzeko, www.kirolprobak.com webgunean eman behar da izena, zortzi euro ordainduta, 12:00ak baino lehen. Patinatzaileen proban parte hartzeko ere bihar izango da azken eguna, eta orrialde berean, hamar euro ordainduta egin ahalko da inskripzioa. Egunean bertan ere eman ahal izango da izena lasterketa nagusian irteteko, dortsalak sobratzen badira. Plazan egin beharko da izen-ematea, 11:00ak bitartean, hamabost euroren trukean. 100 lagunek parte hartu ahalko dute patinatzaileen proban, eta 900 lagunek lasterketa nagusian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide