Iosu Urbieta Pow preso azpeitiarrari bisita erregimena aldatu eta murriztu dio Poitiers-Vivonneko (Frantzia) presondegiko zuzendaritzak. Egoeraren horren berri emateko eta "bisita eskubideak urratzen" dizkiotela salatzeko, kartzelan presokide dituen Raul Adunarekin eta Montxo Varearekin batera gutuna plazaratu du Urbietak.
Honako hau da hiru presoek zabaldu duten gutuna:
"Lehenik eta behin, jaso ezazue besarkada bero bana egun seinalatu hauetan, euskal preso politikoen eskubideen alde lanean zabiltzatenok. Gutun honen bidez, Poitiers-Vivonneko espetxean bizi dugunaren berri eman nahi dizuegu. Espetxe honetan 3 kide aurkitzen gara: Raul, Montxo eta Iosu. Poitiersko espetxea Euskal Herritik 500 bat kilometrora aurkitzen da, eta Euskal Herritik urrunduak eta kolektiboko beste kideekin sakabanatuak egoteaz aparte, azken asteotan bisita eskubideak urratzen ari zaizkigu.
Iosu DPS bezala kalifikatuta dauka espetxe administrazioak. DPS izateak 'preso bereziki zaindua' esan nahi du. Kalifikazio hori espetxe administrazioak espetxeratua izan zaren afera nolakoa denaren arabera jartzen du. DPS izateak hainbat neurri aplikatzea ekartzen du. Besteak beste, espetxeko mugimenduak kartzelero batek zaindua egitea; gauetan hiru ordutik behin begitxulotik begiratzea (neurri hori Raulek eta Montxok ere jasaten dute), horrek askotan esnaraztea suposatzen duelarik...
Bisitei dagokienez, orain arte DPS kalifikazioa zuten presoek elkarrekin bisita ordu eta egun berean egin ahal bazuten ere, orain bi DPSk ezin dutela ordu berean bisita egin esan digute. Horrek suposatzen du astebukaeran bisita bikoitza hartua badu DPS batek, besteak ezin duela ordu horretan egin; lehenago bisita sinplea (45 minutu) egiten du edo ez du bisitarik egiten. Astean zehar bisitak egiteko aukera ere badago, eta tarteka egiten baditugu ere, gure senideek eta lagunek, normalean, astean zehar beren eginbeharrak dituztenez, astebukaeran etortzen dira bisitan. Espetxeko zuzendaritzak harturiko neurri horrek, Iosuren kasuan, bisita bikoitza hilean bi astebukaeratik behin edo gutxiagotan egitea dakar.
Hemen aurkitzen garen kideok ez dugu inolaz ere onartzen orain arte dugun bisita eskubidea ukatua izatea. Horregatik, espetxe zuzendaritzak bisita eskubidea ukatu beharrean zentzuzko irtenbide bat ematea exigitzen dugu, eta espetxe zuzendaritzarekin bilera bat egitea eskatu dugu.
Espero dugu lehenbailehen zuzendaritzarekin biltzea eta akordio batera iristea, Iosuren bisita eskubideak errespetatuak izan daitezen, eta orain arte bezala, senideek eta lagunek bisita egiteko arazorik izan ez dezaten. Izan ere, beste senideen eta lagunen egunetatik aparte bisitak egin behar izateak, kanpotik datozenei ere zigor gehigarria suposatzen baitie. Bisita egunetan guztiak batera etortzeko koordinatu egiten dira, gastu ekonomikoa elkarrekin konparti dezakete, bakarrik bidaiatzeari (horrek suposatzen duenarekin) eta abarri aurre egiten diete.
Arazo honi buelta emateko, Euskal Herritik gutun bidalketak eta guk espetxean bertan hainbat ekimen jarriko ditugu martxan. Eta, arazoa konpondu ezean, beste borrokaldi batzuei emango genioke bide. Euskal Preso Politikoen Kolektiboa osatzen dugun kideon eskubideak errespetatuak izateko espetxe barruko eta kanpoko koordinazioa ezinbestekoa ikusten dugu, guztion presioak ahalbideratuko baitu kolektiboko kideoi aplikatzen zaizkigun salbuespeneko egoerak gainditzea. Zoritxarrez, amaigabeak dira etsaiak kolektiboko kideon aurka aplikatzen dituen eskubide urraketak, eta guzti horrek mendeku politikari eta gure herria ito nahiari soilik erantzuten dio. Guzti horri aurre egiteko ezinbestekoa dugu barruan eta kanpoan antolatzea. Beraz, hemendik jaso ezazue gure besarkada borrokalariena, eta, Euskal Herria bihotzean, ondo amaitu urtea eta hobeto hasi. Guztion artean lortuko dugu.
Euskal Herria kalera, presoak kalera".