Natul euskara taldeak Azpeitiko hitz eta esapideak bilduko ditu

Urola Kostako Hitza 2016ko abe. 23a, 13:02

Natul Azpeitiko euskara taldeak herriko hitz eta esapideak bilduko dituen proiektua abiatu du. Taldea dagoeneko hasi da horretan, baina azpeitiar guztien artean osatu nahi dute egitasmoa. Azpeitiko hizkerak daukan "aberastasunaz" jakitun, herriko ondare hori bildu nahi dute, jendearen eskura jartzeko asmoz eta belaunaldien arteko trasmisioa sustatzeko asmoz. Era berean, Azpeitiko hizkera zabaldu nahi dute, eta egunerokoan erabiltzen ez diren hitzak gogoraraztea eta erabiltzea da euren helburua.
Proiektuan parte hartu eta ekarpenak egiteko, lau iturri aipatu dituzte: batetik, ikasleek etxean bildutako espresioak ikastetxeengandik jasoko dituzte. Horrez gain, herriko taldeek, kuadrilek eta norbanakoek ere parte hartu ahal izango dute. Norbanakoentzako hainbat bide jarriko dituzte: webgunea, tabernetako buzoiak… Kuadrilek ere tabernetako buzoietan egin ahal izango dituzte ekarpenak.
Azpeitiarrez hitz egiterakoan ohikoaren diren hitzak bildu nahi dituzte, Azpeitian bakarrik hitz egiten direnak edo Gipuzkoako beste azpi-euskalkietan ere erabiltzen direnak.
  Taldeak proiektua iragartzeko egin duen bideoa hemen ikus daiteke: https://youtu.be/PLieCTQcuGc

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide