Hamasei bikotek parte hartuko dute santomasetako Gazteen Dantza Suelto Txapelketan

Urola Kostako Hitza 2016ko abenduaren 20a

18:00etan hasiko da txapelketa, Sanagustin kulturgunean. Sei herritako 32 dantzari izango dira kulturguneko oholtzan: Azpeitia, Azkoitia, Errezil, Tolosa, Lezo eta Orexa.

Iazko dantza txapelketako irudia. (Uztarria.eus)

Dantza Suelto Txapelketaren hamaseigarren edizioa jokatuko da bihar, San Tomas eguna, arratsaldean, Sanagustin kulturgunean. 18:00etan hasiko da txapelketa, eta 16 bikote ariko dira lehian. Gazteen txapelketa izango da, eta parte-hartzaileek 8 eta 15 urte bitartean dituzte. Sei herritako 32 dantzari izango dira kulturguneko oholtzan: Azpeitia, Azkoitia, Errezil, Tolosa, Lezo eta Orexa.

Bina pieza dantzatuko dituzte parte-hartzaile guztiek; fandango bat eta arin-arin bat. Aurtengoan trikitilariek joko dute fandangoa, eta txistulariek arin-arina; izan ere, aurreko urteetan alderantziz egin izan dute. Aitor Uzkudun eta Julen Berrondo izango dira aurten trikitia eta panderoa joko dituztenak, eta, txistulariei dagokien pieza, urtero legez, Izarraitz Txistulari Taldekoek joko dute. Euskal Dantzarien Biltzarreko hiru kidek osatuko dute epaimahaia, eta Josune Zabalak egingo ditu aurkezle lanak. Txapelketaren sailkapena bost bikotek osatuko dute, baina parte-hartzaile guztiek jasoko dituzte sariak. Irabazleek 200 euroko diru-saria, garaikurra, zapia eta txapela eskuratuko dituzte; bigarren bikoteak, berriz, 190 euro eta garaikurra; hirugarren sailkatzen direnek, 170 euro eta garaikurra irabaziko dituzte; laugarren bikoteak 150 euro eta garaikurra; eta seigarrenetik hamaseigarrenera artekoek, 100 euroko saria. Horrez gain, neska eta mutil dantzari onenek sari bana eskuratuko dute. Honako bikote hauek hartuko dute parte txapelketan:
  • Iker Sarasua eta Enara Arrizabalaga (Azkoitia-Azpeitia)
  • Eneko Sarasua eta June Elorza (Azkoitia-Azpeitia)
  • Unax Labaka eta Ekiñe Uzkudun (Errezil)
  • Julen Labaka eta Janire Labaka (Errezil)
  • Anaitz Lizartza eta Itziar Bastida (Azpeitia)
  • Aner Kerejeta eta Nagore Kerejeta (Azpeitia)
  • German Aranburu eta Elaia Elorza (Azpeitia)
  • Leire Eizmendi eta Maider Arrieta (Errezil-Azpeitia)
  • Ekain Uzkudun eta Laura Bastida (Azpeitia)
  • Olatz Etxezabal eta Nahikari Rojo (Orexa-Tolosa)
  • Iker Belintxon eta Maider Aginaga (Lezo)
  • Danel Serrano eta Irati Saizar (Lezo)
  • Mikel Esnaola eta Ane Anuariz (Lezo)
  • Ugaitz Ribera eta Maren Galbez (Lezo)
  • Endika Osa eta Olatz Azkue (Lezo)
  • Iker Zabala eta Nora Azpuru (Azpeitia)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide