Azpeitiko Udal Musika Bandaren urteurren kontzerturako sarrerak eros daitezke

Urola Kostako Hitza 2016ko abenduaren 19a

Azpeitiko Udal Musika Bandak 150. urteurrena ospatzeko ekitaldi nagusia egingo du ostiralean, abenduaren 23an, eta sarrerak salgai daude dagoeneko Izaro, Berdie eta Eguzkitza tabernetan eta Sanagustin kulturgunean. Bost eurotan eros daitezke sarrerak. Urtemugako ospakizunei amaiera emateko egingo dute ekitaldia Soreasu antzokian, 22:00etan hasita. Aurreratu dutenez, "ekitaldi, kontzertu eta ikuskizun berezia" ari dira antolatzen ostiralerako. "Banda batek izan ditzakeen erregistro ezberdinak erakutsiz, estilo eta mota askotako abestiak izango dira kontzertuan". Azpeitiko musikari, dantzari eta abeslari ugarik hartuko dute parte; guztira, 130 lagun baino gehiago igoko dira oholtzara: Izarraitz eta Juan Antxieta musika eskolako txistulari taldeak, Sahatsa eta Itsasi dantza taldeak, Luis Alberdi Beltzaren dantza sueltoko ikasleak, Jose Mari Orbegozo eta Dantzaki eskolako kideak, Tobalo Iglesias sevillana taldea, Antxieta eta Julian Barrenetxea abesbatzark, Kbeat ahots taldea, Metalhika taldea, Garikoitz Mendizabal, Iraia Bereziartua eta Ignacio Arakistain musikariak nahiz Olatz Prat eta Angel Azkue Piti abeslariak. Unai Frantsesenaren audio muntaia batekin Urtzi Oteiza Kaitok egindako bideo bat ere eskainiko dute emanaldiran. Eta, horiez guztiez gain, Alaitz Olaizolak osatutako antzezpen zatiak egingo dituzte herriko hainbat aktore gaztek. Bandak adierazi duenez, ETBk grabatuko du emanaldia, eta Oholtzan saioan emango dute gero. Horretarako, 30 lagunetik gorako talde teknikoa ariko da lanean. Bandak eskerrak eman dizkie Azpeitiko Udalari eta Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibari, emandako laguntzarengatik. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide