Entsegua prestatu dute Gabon egunez Jaiotzarekin kantuan atera nahi dutenentzat

Urola Kostako Hitza 2016ko abenduaren 16a

Astelehenean Julian Barrenetxea Abesbatzak eta Udal Musika Bandak Soreasu kulturgunean duten lokalean izango da entsefya, 21:00etan.

Astelehenerako deitu dute Gabon egunean, abenduak 24, Jaiotzarekin kantuan aterako direnentzako entsegu orokorra. Julian Barrenetxea Abesbatzak eta Udal Musika Bandak Soreasu kulturgunean duten lokalean izango da, 21:00etan. Barrenetxeakoek "gonbidapen zabala" egin nahi dute entsegurako, Julian Barrenetxea eta Parrokiako abesbatzekin batera Caritasen alde izango den eskean ateratzera animatu daitezen. Gabon eguneko iluntzean atera ohi da Jaiotza kalez kale kantuan. Aurten, ordea, aurreratu egin dute kalejiraren hasiera, eta 17:00etan abiatuko dira Perez Arregi plazatik. Erdikalean gora eginez, 17:30erako plazan izango da Jaiotza, han Olentzerori eta Mari Domingiri egingo zaien harreran parte hartzeko. Ondoren kalejira egingo dute, honako ibilbide honekin: Olazko Andre Mariaren plaza, Goikokaleko plazatxoa, Plaza Txikia, Erdikalea eta, hasitako tokian bukatuz, Perez Arregi plaza.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide