Udaleko eta eragileetako ordezkariak. (Julene Frantzesena)
Gabonak gerturatzen ari dira, eta Azpeitiko Udalak eta eragileek urte sasoi horretarako egitarau oparoa prestatu dute aurten ere. Asteburu honetan
Azoka Herritik egitasmoa izango da Sanjuandegin. Bertan merkatari elkarteak ohiko haur parkea prestatu du hainbat egunetarako, eta Gazteria sailak ere
haurrentzako ekintzak antolatu ditu. Kulturaz kooperatibak, Txiki Biran egitasmoaren barruan, Ene Kantaken
Astonauta ikuskizuna antolatu du urtarrilaren 7rako. Dagoeneko salgai daude sarrerak Sanagustin kulturgunean eta
www.kulturaz.eus webgunean, 6 euroren trukean. Bestalde,
Vaiana filmaren emanaldia izango da abenduaren 18an, 16:30ean, Soreasu antzokian.
Horiez guztiez gain, Mari Domingiri ongietorria eta Olentzeroren nahiz Mari Domingiren kalejira eta Erregeen desfilea ere izango dira, abenduaren 24an eta urtarrilaren 5ean, hurrenez hurren.
Gazteriako ekintzetako izen-ematea
Udaleko Gazteria sailak HH5etik Batxilergoko 2. mailara arteko ikasleentzat hainbat egitasmo antolatu ditu. Abenduaren 26an, 27an eta 28an izango dira ekintzak eta irteerak, eta izen-emateko azken egunak iritsi dira. Bihar, ostirala, izango da HH5etik LH6ra arteko haurrek izena emateko azken eguna, eta Gazte Informazio Bulegoan inskriba daitezke. Aldiz, DBH1 eta Batxilergoko 2. mailako ikasleek zapatuan ere izango dute izena emateko aukera, Gaztelekuan. Azpeitian ez ezik, Urrestillan ere egingo dituzte ekintzak.
Jolas parkea, Bertanen eskutik
Bertan merkatari elkarteak, azken urteetako legez, haurrentzako jolas parkea jarriko du abenduaren 26an, 27an, 28an, 29an eta 30ean eta urtarrilaren 2an, 3an eta 4an Izarraitz pilotalekuan. 16:00etatik 20:00etara izango da egun horietan zabalik, eta sarrera 2 euro ordaindu beharko da. Gainera, asteotan Bertaneko dendetan erosketak egiten dituzten bezeroek parkerako sarrerak eskuratu ahal izango dituzte. Jolas parkea 2 eta 12 urte bitarteko haurrentzako izango da.
Olentzero eta Mari Domingi
Ikastetxeetara bisita eginda, abenduaren 24an iritsiko da Olentzero Azpeitiko kaleetara. Haren aurretik iritsiko da, baina, Mari Domingi. Izan ere, abenduaren 24an 12:30ean plazan izango da umeen eskutitzak jasotzen. Ondoren, 16:30ean Olentzerorekin itzuliko da Mari Domingi kalera. Aurrena San Martin egoitzara joango dira, eta hango egoiliarren ongietorria jasoko dute. Ondoren, 17:00etan, hasiko dute kalejira Artzubitik. Kalejiran izango dira, besteak beste, ttuntturroak, txistulariak, Juan Antxieta musika eskolako trikitilariak. Horiez gain, ikastetxeetako haurrek hartuko dute parte kalejiran.
Gainera, kalez kale ibili ostean, Julian Barrenetxea abesbatzako kideekin eta haien jaiotzarekin elkartuko dira Olentzero eta Mari Domingi Perez Arregi plazan. Handik, guztiak batera, plazara joango dira 17:30erako. Behin plazan direla, Itsasiko ikasleek hainbat dantza egingo dituzte eta Sebastian Lizaso ariko da bertsotan. Ondoren, Olentzerok hartuko du hitza eta gaztainak oparituko ditu hark. Ekitaldia bukatzeko,
Hator-hator abestuko dute plazan bildutako guztiek. Eguraldi txarra egingo balu, ekitaldia Frontoi Txikian egingo dute.
Erregeen desfilea
Urteroko legez, Erregeen desfilea izango da urtarrilaren 5ean. Baina haiek iritsi aurretik, urtarrilaren 4an, Mechor, Gaspar eta Baltasarren pajeak izango dira udaletxe azpian 17:30etik aurrera. Baigerak antolatuko du egitasmoa, eta haurren eskariak jasoko dituzte haiek. Urtarrilaren 5ean, berriz, Erregeen txanda izango da. 17:00etan iritsiko dira Erregeak Lasaora, eta han trena hartu ostean, 17:30ean iritsiko dira Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museora. Haurren ongietorria jaso ostean, 19:00etan hasiko da desfilea igerileku aurretik. Urteroko legez, herriko gaztetxoak izango dituzte lagun ibilbide osoan zehar. 20:00etan iritsiko dira Erregeak plazara, eta udaletxeko balkoira igoko dira haurren desioak entzutera.