Urtea behar bezala bukatzeko

Urola Kostako Hitza 2016ko abenduaren 14a

Abenduaren 31n, San Silbestre herri lasterketa izango da Azpeitian. Proba nagusiak sei kilometroko ibilbidea izango du, eta 12:00etan hasiko da. Izen-ematea zabalik da.

Azpeitiko Udaleko, Xeye atletismo taldeko eta HITZAko ordezkariak, lasterketaren aurkezpenean. (Ainitze Agirrezabala) Urtea ondo bukatzeko, zer hobeto kirola egitea baino. Ohiturari jarraituz, aurtengoan ere San Silbestre herri lasterketa izango da Azpeitian, abenduaren azken egunean. 10:00etatik aurrera, hainbat proba izango dira, kategoriaka banatuta. Lasterketa nagusiak sei kilometroko ibilbidea izango du, eta 12:00etan hasiko da. Horrez gain, aurten ere patinatzaileen proba egingo dute, 11:15ean; sei kilometrokoa izango da hori ere. Hamaseigarren urtez jarraian antolatu du lasterketa Xeye atletismo taldeak, Urola Kostako Hitzaren laguntzarekin eta Azpeitiko Udalaren babesarekin. Antolatzaileek herritarrak animatu dituzte lasterketan parte hartzera, urtea bukatzeko modu "polita" delako. Iaz bezala, aurtengoan ere Xeyek eta Txolartek lasterketa irekia eta inklusiboa antolatu dute. 10:45ean hasiko da, eta 400 metroko ibilbidea izango du. "Edozeinek egiteko neurrikoa eta bakoitzak bere martxan egitekoa" dela azaldu dute antolatzaileek. Dagoeneko zabalik da izen-ematea. Proba nagusian parte hartzeko, Kirolprobak.com webgunean eman behar da izena, zortzi euro ordainduta, abenduaren 29ra bitartean. Patinatzaileen proban parte hartzeko ere egun hori baino lehen eman behar da izena, orrialde berean, hamar euro ordainduta. Egunean bertan ere eman ahal izango da izena lasterketa nagusian irteteko, dortsalak sobratzen badira. Plazan egin beharko da izen-ematea, 11:00ak bitartean, hamabost euroren trukean. 100 lagunek parte hartu ahalko dute patinatzaileen proban, eta 900 lagunek lasterketa nagusian. Eskolarteko probak eta lasterketa irekia, berriz, doan izango dira. Egunean bertan eman beharko da izena kasu horietan, lasterketaren aurretik, plazan. Lasterketa nagusiko lehen hiru gizonek eta emakumeek sariak jasoko dituzte, eta kategoria bakoitzeko aurrenekoak ere bai. Horrez gain, partaide guztien artean 300 zozketa baino gehiago egingo dituzte, eta elastiko bana jasoko dute haietako bakoitzak. Aldatu edo dutxatu nahi duenak Izarraitz pilotalekuan izango du horretarako aukera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide