Ion Etxeberria. (Julene Frantzesena)
Ion Etxeberria (Azpeitia, 1983) binakako laugarren txapelaren bila aterako da larunbatean Galarreta pilotalekuko kantxara. Ezkurra II.arekin ariko da 17:00etan hasiko den finalean, Endikaren eta Utergaren aurka. Azpeitiarrak dioenez, "partida biribila" egin beharko dute txapela irabazteko.
Binakako Txapelketako zazpigarren finala jokatuko duzu.
Azken zazpi urteetan jokatzen dudan seigarrena izango da. Sei final horietatik hiru irabazi ditut: 2011n Zeberio II.arekin, 2013an Utergarekin eta 2014an Ezkurrarekin.
Zapatuan duzu, beraz, galdutako eta irabazitako hiruna finalen berdinketa hausteko aukera.
Modu positiboan begiratuta, bai. Iaz galdu egin nuen Matxin III.arekin. Ia aurten irabazten dugun, eta lau eta hiru jartzen den balantza.
Txapelketak eman duenaz zer balorazio egiten duzu?
Txapelketa osoa elastiko urdinarekin jokatu dugu; aurkariak izan dira beti faborito. Gu ez geunden faboritoetan, baina partidak irabaziz joan gara, eta finalean gaude. Ezkurra II.a dut bikotekide, eta partida oso onak jokatu ditu. Harrituta utzi nau erakutsi duen mailarekin.
Zeuk ere partida oso ona jokatu zenuen joan den astean.
Partida asko ari nintzen jokatzen txapelketa hastean, eta nekatuta nengoen. Halere, pixkanaka, gora egin dut. Lehen finalaurrekoa 40 eta 31 irabazi genuen. Itzulerako partidan, berriz, gauza nahiko beltz jarri zitzaigun. 40 eta 39 galdu genuen, baina 32 tanto nahikoa genituen sailkatzeko. Eta, bai, izugarrizko partida atera zitzaidan joan den larunbatean. Batez ere, finlerdietakoak izan dira txapelketan jokatu ditudan partida onenak, eta, finala irabazteko, horrela edo hobeto jokatu beharko dugu.
Lehen finala Koteto Ezkurrarekin irabazi zenuen, eta orain haren iloba duzu bikotekide. Zer moduz moldatu zarete?
Zorretan nago ezkurratarrekin. Koteto oso ondo portatu izan da beti nirekin, asko lagundu izan dit. Ea orain haren ilobarekin ondo portatzen naizen, eta lehen txapela irabazten laguntzen diodan.
Final gogorra aurreikusten al duzue?
Txapelketako bikoterik onena osatzen dute Utergak eta Endikak. Lesioetatik errekuperatu berritan hasi zuten txapelketa, nahiko kaxkar. Baina txapelketak aurrera egin ahala, oso ondo moldatu dira. Maila handiko bikotea da, oso-oso orekatua.
Beraz, lanak ondo egin beharko dituzue txapela lortzeko.
Finala irabazteko izugarrizko partida jokatu beharko dugu. Biok partida ikaragarria egin ezean, jai izango dugu.
Binakakoa da, behar bada, txapelketarik garrantzitsuena?
Binakakoa eta udan jokatzen den banakoa. Gainerakoak, torneoak izaten dira. Horiek ere inportanteak dira, baina ez hauek bezain bestekoak. Halere, sekula ez naiz iritsi banakako finalera; izan ere, atzelariontzat txapelketa zaila da. Aurten finalerdiak jokatu nituen, baina oso ahul ibili nintzen. Oso baldar aritzen naiz bakarrik.
Zaleei dagokienez ere garrantzitsuenak horiek al dira?
Binakako Txapelketako partidetan jende ugari izan da aurten Galarretan. Egia esan, txapelketetan beti erantzuten du jendeak, nabarmena da jendearen presentzia. Eta, normala da, irratian, aldizkarietan, egunkarietan... iragartzen baitituzte partidak. Pixka bat arraroa da: urte osoan ez digu inork kasurik egiten, eta kolpera, finalaren aurreko astebetean, denak atzetik izaten ditugu.
Hala ere, frontoiko giroa asko jaitsi da azken urteotan.
Lana egin behar da urte osoko partidetarako; izan ere, lehendik bertaratzeko ohitura duten edadetuek segitzen dute joaten, baina haiez aparte... Egin dituzte jendea erakartzeko mila proba, baina konplikatua da. Ari dira lanean, saiatzen, baina denbora asko beharko da egoerari buelta emateko, ez baita erraza. Izugarrizko kirol ekitaldi aukera dago, herrian bertan ere bai, eta zaila da pilotalekuak betetzea. Eskuzko pilota partidetan ere, txapelketetatik kanpo, frontoiak ez dira betetzen. Ez dakit giltza non egongo den. Badakit bila dabiltzala, baina…
Kirolarien erreleboari dagokionez, osasuntsu al dago erremontea?
Orain dela gutxi sei gazte nafarrek egin dute debuta. Lan asko egiten ari dira eskoletan. Gu hasi ginen garaian loraldi moduko bat izan zen. Gero izan zen sasoi ahul bat, baina hasi da berriro indarra hartzen. Pilotarien koadroko zaharrena, beharbada, neu izango naiz orain, Ezkurraren eta Etxeberriaren ostean.
Eta Azpeitian?
Gu hasi ginenean hamar-edo ginen azpeitiarrak. Duela urte batzuk debutatu zuten beste hiru bat azpeitiarrek ere, eta, orain, hutsunea dago.
Beteranoenetakoa izanda, urte luzez segituko duzu?
Gustura nabil momentuz. Erremontea nire errutinaren parte da. Zapatu batean jokatzen ez badut edo Galarretara ez banoa, neure buruari galdetzen diot: «Zer egin behar dut orain?». Beraz, gorputzak uzten duen bitartean, eta inongo lesiorik edo minik ezean, Galarretara bueltaka segitzeko prest nago.