Angel Otaegiren senideek jarritako kereila ez du tramiterako ere onartu Azpeitiko Epaitegiak

Urola Kostako Hitza 2016ko abenduaren 9a

Gertaerak preskribatuta daudela eta Amnistiaren Legea indarrean dagoenez gertakariak ezin direla ikertu argudiatu du Azpeitiko Epaitegiak

Eneko Etxeberria, Mertxe Urtuzaga eta Mikel Elorza gaur, Nuarben. (Nerea Uranga/Hitza).
"Orain ere sartu aurretik atea itxi egin digute, eta oso gogor itxi gainera. Uste baino ibilbide motzagoa izan du". Joan den irailaren 27an, Angel Otaegi hil zuteneko 41. urteurrenean, haren senideek kasua ikertzeko kereila kriminala ipini zuten Azpeitiko Epaitegian, baina epaitegiak ez du tramitera ere onartu. Gaur eguerdian eman dute horren berri Nuarben (Azpeitian) Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak, Mertxe Urtuzaga Otaegiren senideak eta Mikel Elorza abokatuak.
Elorzak azaldu duenez, tramitera ez onartzeko "funtsean" bi arrazoi eman ditu Azpeitiko epaitegiak: batetik, gertakizunak orain dela 41 urte pasatu zirenez preskribatuta daudela; eta, bestetik, 1977ko Amnistiaren Legea oraindik indarrean dagoela, eta lege horren arabera gertakari haiek ezin direla ikertu. "Atea itxiko zigutenaren aukera aurreikusten genuen, baina uste genuen bestelako motibo formalak azalduko zituztela, beharbada Burgosko epaitegi bati zegokiola edo horrelako konturen bat. Baina ez, kasu honetan, Espainiako auzitegiek erabiltzen dituzten bi arrazoi eman ditu Azpeitiko Epaitegiak", azaldu du abokatuak.
Gipuzkoako Auzitegian helegitea
Otaegiren senideak ez daude ados Azpeitiko Epaitegiaren erabakiarekin eta Gipuzkoako Auzitegian helegitea jarriko dute. "Ahanztura nahi dute Angelentzat, ahaztua izan dadila, horregatik ez gaituzte babesten. Guk, ordea, ez dugu ahazten eta ez dugu ahazterik nahi, eta gure bitarteko denekin gure Angel ahaztua ez izaten saiatuko gara", adierazi du Urtuzagak.
Gipuzkoako Auzitegian helegitea jarrita ere "itxaropen handirik ez" dutela esan dute. Helegiteaz auzitegiak zer erabakitzen duen zain egon beharko dutela adierazi du Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak. Baina Espainiako auzitegietako bidea agortuta ere, eta Otaegiren senideek hala nahiko balute, Argentinara jotzeko aukera ere ez dute baztertu. "Azpeitiko Udalak hala erabaki zuen aho batez udalbatzar batean. Biktima guztiak aitortu nahi ditugu, sinesten dugulako biktima guztiek dutela errekonozimendua eta justizia izateko eskubidea. Tristea da Angelen senideek egia jakiteko eskubiderik ere ez izatea. Berehala artxibatzea ez da justizia, eta injustizia honek ez irauteko behar diren baliabideak jarriko ditugu", esan du Etxeberriak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide