Bizikidetza posible dela azpimarratuz bukatu du ibilbidea Herritarren Foroak

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2016ko abe. 7a, 11:00

Bi urte eta erdiz landutakoaren eta hausnartutakoaren ondorioak plazaratuta bukatu dute ibilbidea. Hamabi puntu adostu dituzte foroko kideek. Herritarrei bizikidetzan urratsak emateko deia egin diete.

Ekitaldiko irudia. (Julene Frantzesena) "Lan asko eta ordu asko". Horiexek dira Herritarren Bizikidetza Foroko kideek ondorioztatu dituzten hamabi puntuak adostera iristeko sekretua. Bi urte eta erdi ingururen ostean, landutako eta hausnartutako ondorioak plazaratuta bukatu du ibilbidea foroak, parte-hartzaileek hala erabakita. 2014ko martxotik, Alaitz Aguadok, Jexux Aizpuruk, Miren Alcedok, Jabier Altunak, Joxe Arregik, Felipe Murillok, Miren Odriozolak, Manoli Urangak eta Mertxe Urtuzagak parte hartu dute foroan. Udalaren ekimenez hasi ziren biltzen, eta Aitziber Blanco  Lokarriko kide ohia izan dute prozesuan bidelagun eta koordinatzaile. Ostegunean, Sanagustin kulturgunean egin zuten agurreko ekitaldia hainbat herritarren aurrean. Eneritz Albizuk aurkeztu zuen saioa, eta esan zuen "une batez kolore politikoak alde batera utzi, eta beste aldean pertsonak ikustea" izan dutela xede foroko kideek. Haren ostean hartu zuen hitza Blancok, eta "emozioen eta bizipenen eremua partekatzeko" elkartu zirela esan zuen: "Konplizitate eta errespetu giroa sortu zen, eta horrek gai korapilatsuez hitz egitea ahalbidetu du". Parte-hartzaileek "zenbait korapilo askatzeko saiakera zintzoa" egin dutela esan zuten. Adierazi zutenez, "bileretan biktimak, sufrimendua eta izandako ondorio gogor horien guztien zergatiez aritu gara: gaien arteko loturak ikusi ditugu, gure mugak ukitu ditugu eta elkar ulertu eta hurbiltzeko dantza batean murgildu gara". Aitor Gorrotxategi zinegotziak eta Eneko Etxeberria alkateak ere hartu zuten hitza. Gorrotxategik eskerrak eman zizkien parte-hartzaileei, "lan bikaina" egin dutelako. "Pena ematen du, baina prozesuek hasiera eta bukaera izaten dute. Halere, honek ez du esan nahi bizikidetza hemen bukatzen denik. Foro gehiago sortzeko prest gaude". Etxeberriak herria "aurrera" doala esan zuen. "Herri txikien abantaila da. Herri txikietan arazo handiak izaten dira askotan: gorrotoak, inbidiak eta lubaki oso handiak. Baina abantailak ere badituzte: kalean ikusi edo gurutzatuko gara, begietara begiratzeko saiakera egin beharko dugu, eta disimulatzen eta aurpegira begiratu gabe ibiltzea zaila da. Horregatik, errazagoa da horrelako prozesuak txikitasunetik egitea". Etxeberriak esan zuenez, "eraikitzea" da erronka: "Pertsonak barruan darama etorkizuna eraikitzea, atzera begira soilik egotea alferrik baita. Gure bizitza da, eta erabaki behar dugu nola bizi nahi dugun". Hona hemen foroko parte-hartzaileen testigantzak: Miren Alcedo "Batzuetan ez dugu esan pentsatzen genuen guztia" "Hasi ginenean espero nuena baino gehiago lortu dugu. Hasiera oso indartsua izan zen. Bat-batean konturatu ginen elkarrekin hitz egin genezakeela; zer sinplea eta zeinen zaila, ezta? Hasieran oso azkar joan ginen. Eta aitortu behar dut, bukaera honetan, frustrazio puntu bat daukadala. Mikrokosmos bat osatu dugu, eta mikrokosmos horretan errespetuz hitz egin eta entzun dugu, baina, batzuetan, errespetuak askatasuna jan du. Batzuetan ez dugu esan pentsatzen genuen guztia. Hori ona da; ez da txarra, baina horrela da. Horrez gain, agian, ez gara gai izan taldean landutakoa herrira bueltatzeko, ez dakigu nola konpartitu zuekin egindakoa. Mikrokosmosa izan gara, baina mikrokosmos hori errealitatean dago, eta errealitatea da denok ezagutzen duguna. Giro horrek eragin handia izan du taldean. Gatazkaz hitz egin dugu, sufrimenduaz ere bai, eta ondo, baina gai batzuk gainetik pasatu ditugu, ez dugu sakondu, tabu izan dira. Halere, orokorrean, oso esperientzia ona eta indartsua izan da, eta oso pozik nago zuekin konpartitu izanaz". Joxe Arregi "Talde oso gizatiarra izan dela iruditzen zait" "Sentitzen dut esker on sakon bat; zuetako bakoitzari [foroko kideei], eta, modu berezi batean, Aitziberri, hain ondo eraman gaituelako, egoera bakoitzean egoten jakin duelako. Mikrokosmos bat izan gara, baina beti sentitu dugu herrian txertatuta geundela, eta zuen presentzia beti nabaritu dugu. Oso presente egon gara, hasieran deialdia bera ere udal ordezkariek egin baitziguten. Hitz batean deitzekotan bi urte eta puskako istoriotxo honi, gizatasuna edo emetasuna esango nuke. Edo gizatiartasuna, talde oso gizatiarra izan dela iruditzen baitzait. Nik ere uste dut ez dugula beti dena nahi genukeen  indarrez edo sukarrez esan. Baina gardentasun handia egon da hitz egiterakoan eta entzuterakoan. Gu hasi ginenean gatazka politikoa ez zegoen gogorrenean, baina minak oso bizirik zeuden oraindik; zauri berriak eta oso berriak ere baziren, herri osoa markatzen zuten zauriak, eta bakoitzaren historia. Horregatik, beharrezkoa izan da elkarri entzutea, bestearen lekuan jartzea eta bestearen minaz jabetzea, eta etorkizunari iraganari baino gehiago begiratzea. Gutako batek esan zuen, eta askotan aipatu dugu, esamolde bat: berak ez zuela beste ezer gehiago desiratzen, etorri etxera norbait, txirrina jo eta ‘amaitu da’ esan, eta goazen orain bestelako etorkizun bat guztion artean eraikitzera". Alaitz Aguado "Sekula hitz egin ez ditudan gaiez hitz egiteko gai izan naiz" "Ni ez nintzen foro honetara deitua izan, amari [Manoli Uranga] deitu zioten, baina, azkenean kide aktiboa izan naizela uste dut. Amari  iktusak eman zion orain dela sei urte, eta, ondorioz, afasia gelditu zaio. Hasierako ideia zen ni interprete lanak egitera joatea; nahikoa gogoz kontra, aitortu behar baitut ez nuela batere gogorik, baina... Amaren alaba naizelako, beti aparte egon nahi izan dut nik, nire burua ezkutatu nahi izan dut herritik. Baina foro honi esker nago hemen, eta sekula hitz egin ez ditudan gaiez hitz egiteko gai izan naiz, foroari eta Aitziberri esker. Hamar lagun hauei esker izan da. Amak ere eskerrak eman nahi ditu, berarekin izan duzuen pazientziagatik, batzuetan egoera makaldu duelako, baina oso gustura egon da. Ni ere oso gustura egon naiz, ekarpen handia izan da. Mikrokosmosa sortu da, baina uste dut herrian antzeman dela, nik antzeman dut. Niri edo guri balio izan digun bezala, uste dut gizarteari, besteoi ere, balio dakizuekeela". Jexux Aizpuru "Elkarbizitza lortzeko, oraindik ere, gauza asko daude egiteko" "Eskerrak eman nahi dizkiet taldekideei eta udalari. Mirenekin [Alcedo] bat egingo nuke; izan ere, elkarbizitza lortzeko, oraindik ere, gauza asko daude egiteko. Zentzu horretan, pixka bat motz gelditu dela uste dut. Ez politikoki bakarrik, beste arlo askotan ere gauza asko daude egiteko. Beste herritar batzuek fororen batean parte hartzen badute, animatu egin nahi nituzke gauza horietan guztietan sakontzera. Izan ere, dena ez da politika". Mertxe Urtuzaga "Jendeak izugarrizko babesa eman dit, eta hori antzeman egiten da" "Hasieran pila bat kostatu zitzaidan hitz egitea eta nire istorioa kontatzea, pixka bat gogorra zelako. Baina izugarrizko babesa sentitu nuen, jendeak babes handia eman dit, eta hori antzeman egiten da. Gainera, momentu batean baino gehiagotan erakutsi didate nirekin daudela. Ikusi dut jende gehiagok ere sufritu duela, oso gaizki pasatu duela, eta haien azalean ere jarri naiz. Oso talde jatorra tokatu zait. Elkarbizitzarako halako gauza gehiago sortzea ondo etorriko litzatekeela uste dut. Korapiloak askatu, hitz egin zer arazo dagoen, zer gertatu zen... ez daitezen berriro halakoak, gertatu direnak, errepikatu. Jendea animatuko nuke taldeak sortzera. Pentsakera desberdineko jendea egon gara taldean, ondo egon gara, gai izan gara, eta zuek ere gai izango zaretela uste dut. Eskerrak talde osoari; oso gustura egon naiz, eta zorte handikoa naizela uste dut beraiekin hau bizi izan dudalako". Miren Odriozola "Talde honek eta bilerek herri honetan benetako sinesmena eman didate" "Lehenengo bilerak oso gogorrak eta indartsuak izan ziren. Foroan geunden desberdin pentsatzen genuenak, eta, askotan, urteetan elkarren kontra aritu ginenak. Bakoitzak bere eskubideen urraketak eta sufrimendua azaldu genituen, errespetu handiz. Norberari gogorra egiten zaio hori dena azaltzea, eta besteei errespetu handiz entzun diegu. Oso hunkigarria izan zen; akordatzen naiz nire historia kontatu nuenean, etorri eta besarkada handi bat eman zidala batek, eta erabat txundituta gelditu nintzen". "Elkar asko ezagutu gara, eta, ezagutze horrekin, nahiz eta pentsakera ezberdinetakoak izan, nahiz eta gauza denetan ez gauden ados, gauza ugaritan ados jarri gara. Gauza asko adostu ditugu; beste asko ez ditugu adostu eta ez ditugu adostuko. Bakoitzak askatasuna du nahi duen bezala pentsatzeko. Talde honek eta egin ditugun bilerek herri honetan benetako sinesmena eman didate, benetan borondatea jartzen badugu, beste era bateko bizikidetza egiteko kapazak garela ikusi dut. Eta gu gai izan bagara, besteak ere baietz uste dut. Badakit urteak pasatuko direla, sufrimendu handiak daudela eta oraindik ere jarraitzen duela sufritzen jende askok, baina borondatea jartzen badugu eta aurrera begira jartzen bagara, ez lehengoa ahaztuta, pasatu diren gauza guztiak ezin direlako ahaztu, beste Euskal Herri bat izateko itxaropena daukat". "Gauza askotan, biktimei buruz esaterako, bakoitzak bere iritziak geneuzkan, baina, azkenean, asko hurbildu gara: biktima bat zer den, zein den biktima, zeri esaten zaion biktima, biktima bati zer derizkion... Eta gatazka politikoari buruz, agian, ez dugu asko sakondu, baina gauza batzuk adostu ditugu. Eta, benetan, ez nuen pentsatzen horrenbeste gauza adostera iritsiko ginenik. Nik ere aurrera jarraitzeko gogoa neukan, oraindik korapilo asko baitaude. Baina honaino iritsi gara eta uste dut balio izan duela egin dugun lanak. Orain, herritarrei eskatzen dizuet, norbaitek aurrera jarraitzeko gogoa baldin badauka, foroak edo taldeak osatzeko. Norberarentzat da aberasgarria, eta herrira begira ere bai. Eskerrak talde guztiari. Iritsi naiz denok maitatzera, benetan. Izugarria izan da, normalak diren frustrazio eta guzti". Jabier Altuna "Batzuk elkarren aurrean egotetik ezagutzen ginen, eta sentitzen dut alboan egon garela" "Hasi ginenean, nire sentsazioak ziren errezeloa, alferkeria... 'Berriz? Zertarako?'. Esan duten bezala, lehenengo bilerak gogorrak izan ziren. Aurrenekoan esan ziguten, 'zer eskatzen duzue eta zer eskaintzen duzue?', eta uste dut esan genuela errespetua eskatu eta eskaintzen genuela. Eta uste dut hori lortu dela. Batzuk elkar ezagutzen genuen, beste batzuk gutxiago; batzuk, elkarren aurrean egotetik ezagutzen ginen, eta sentitzen dut alboan egon garela. Balio handiko pertsonak ezagutu ditut. Etorkizunerako edo gizarteari zer aportatzen diogun? Bileretan ez dugu dena esan, gauzak gorde ditugu, baina uste dut gorde ditugula albokoaren lekuan jarri garelako; geure burua pixka bat mugatu egin dugu, bestea ez mintzeagatik. Uste dut gizarteari, Azpeitiari, eskaintzen diogun ekarpen txikia hori izan daitekeela: gauza askotan ez gara egon ados, baina, ados egon gabe, elkarrekin egon gara eta bizikidetza lortu dugu. Benetan asko baloratzen ditudan talde bat, harreman bat eta prozesu bat izan dira. Eskerrak gonbidatu gintuztenei eta eskerrak denoi".
Ondorio partekatuak 1. Jabetzen gara sufrimendua oraindik oso bizirik dagoela eta gaur egun ere sufrimendu berriak eragiten jarraitzen dela. 2. Gizarte bezala autokritika egin beharra dugula uste dugu. Norberak barrura begiratu, gaizki egindakoa eta egin ez duguna aztertu, eta, ondoren, jarrerak aldatu. Egiten ditugun keinuek, ematen ditugun urrats txikiek, gure ingurunean eragina izan dezaketela frogatu dugu. 3. Gizarteko kide bezala, biktimekiko dugun zorra aitortu nahi dugu: ez dugu egin beharreko guztia. Gertatutakoaren lekuko edo parte izan gara, indarkeriara eta sufrimendura ohitu egin gara, eta "normaltasunez" onartzera iritsi garela aitortu nahi dugu. 4. Urteetan, biktimekiko babesa adierazteko antolatzen ziren ekimenetan parte hartu aurretik, zeinek deitzen zuen galdetzen genuen askotan: erabiliak eta manipulatuak izateko beldurra nagusitu da. 5. "Biktima" hitza bera ere konplexua eta delikatua izan da gehienontzat. Baina, pixkanaka-pixkanaka, "biktima" kontzeptua ere zabaltzen joan da, baita haiei dagozkien eskubideekiko onarpena eta aitortza ere. 6. Biktima desberdinek babes eta elkartasun sozial eta instituzional maila desberdinak izan dituztela jabetzen gara. Horrek bakardadea, lotsa, beldurra, erruduntasuna, amorrua eta gorrotoa gisako sentimenduak sortarazi ditu zenbait biktimarengan. 7. Biktima guztiak geure egin nahi ditugu, giza eskubideak urratu zaizkien pertsonak eta sufrimendu injustuak eta bidegabeak pairatu dituzten pertsona guztiak: hildakoak, umezurtzak, alargunak, mehatxupean bizi izandakoak, bahituak, askatasunik gabe bizi izan direnak, tortura sufritu dutenak, justifikaziorik gabe atxilotuak… 8. Biktima guztiei aitortza, egia, justizia, eta erreparazio eskubideak dagozkiela adierazi nahi dugu. Esan bezala, biktima bakoitzak egoera desberdinak bizi izan ditu urte hauetan eta, horren arabera, bakoitzaren behar eta eskaerak ere desberdinak izango direla jabetzen gara. 9. Gertatutakoa ulertze aldera, ez justifikatzeko, guztiaren azpian izan den gatazkaren izaera politikoa onartu dugu, nahiz eta bakoitzak ematen dion garrantzia desberdina izan. Gatazka politikoaren muinean, estatuarekiko harreman marko juridiko propioa askatasunez erabakitzeko aukera eza dagoela partekatzen dugu. 10. Gatazkaren baitan, indarkeria mota desberdinak izan direla onartzen dugu. ETAren indarkeriak dena zailagotu zuen, eztabaida politikoa gogortuz, min injustua eraginez eta jarrerak muturreraino eramanez. Estatuak ETAren aurkako borrokaren estrategiaren baitan eragindako indarkeriak ere min injustua eragin du, eta, legearen babespean egin den neurrian, ikuspegi etiko batetik larriagoa iruditu zaigu. 11. Azken urteotan, gizartea aldatzen hasi dela ikusi dugu. Zenbait hurbilketa ematen hasi da, baita zenbait inertzia puskatzen ere. Halere, oraindik gorroto begiradak sumatzen dira, eta horiek gainditze aldera. gizartean pedagogia lan zabala egin beharra ikusten dugu. 12. Giza eskubideekiko eta horien urraketekiko ikuspegi partzialak izan ditugu. Giza eskubideen errespetuan urratsak ematen jarraitu behar dugu. Giza eskubideak, lehen bezala orain ere, bere osotasunean hartu eta errespetatu behar ditugu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide