Larrañagak eta Otañok irabazi dute Landetako saneloietako aizkora apustua

Urola Kostako Hitza 2016ko abenduaren 4a

Joseba Otaegiren eta Oihan Larretxearen aurka nagusitu dira azpeitiarra eta beizamarra. 20 kanaerdiko haiek baino lehen ebaki dituzte. Gainera, 150 kiloko kubikoa bitan igota, marka hautsi du Martin Mendizabalek.

Herri kirol erakustaldiko parte-hartzaileak eta haren antolatzaileak. (Eli Aizpuru) Bukatu dira Landetako San Eloi jaiak. Ostegunean hasi zituzten auzoko jaiak eta gaur, igandea, bukatu dira. Jende ugari izan da auzoan egunotan; izan ere, egitarau oparoa antolatu dute aurtengo festetarako, eta berrikuntza bat edo beste ere egin dute. Beharbada, gaur izan da festetako egunik idartsuena. Jendetza izan da 13:00etan hasi den herri kirol erakustaldian, eta baita haren aurretik izan diren zezen txikietan ere. Herri kirolena jaialdia baino gehiago izan da. Joseba Otaegik eta Oihan Larretxeak Mikel Larrañagaren eta Eneko Otañoren aurkako apustua egin dute, 20 kanaerdiko nork lehenago ebaki, txanda librean. Larrañaga azpeitiarra eta Otaño beizamarra nagusitu dira. Gainera, bere marka hautsi du Martin Mendizabalek 150 kiloko kubikoa hiru minutuko txandan bitan jasota. Haiez gain, Jon Unanue Goenatxo III.a, Elias Perez eta Xabier Lizarralde harri jasotzen aritu dira. Trikitilariek alaitu dute giroa, eta Beñat Lizaso eta Haritz Etxeberria Ministro aritu dira kantuan. Hona hemen, igandeko argazkiak: [flickr_set id="72157673478017943"]

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide