Eguraldia lagun ari dira ospatzen saneloiak Landetan

Urola Kostako Hitza 2016ko abenduaren 3a

(Ainitze Agirrezabala) Abendua izanagatik, eguraldia lagun ari dira ospatzen saneloiak Landetan. Aurten jaiak indartzeko helburuz, egitarau oparoa prestatu dute jaietarako, eta gaur goiz eta eguerdi partean azoka egin dute. Bertan, hainbat animalia ikusteko eta bertako zenbait produktu erosteko aukera izan dute herritarrek. Eta, gainera, sagardoa eta gazta pintxoak dastatzeko aukera ere izan dute bertaratutakoek. Ohiko moduan, mendi bizikleta irteera ere egin dute dozenaka lagunek, eta itzulia bukatzean hamaiketakoaz gozatu ahal izan dute txirrindulariek. Festak aurrera jarraituko du datozen orduetan ere; izan ere, mendi bizikleta irteera egin duten lagunek bazkaria egingo dute Bordatxo tabernan, trikitilariekin eta Jon Gurrutxaga eta Oier Etxeberria bertsolariekin. 16:30ean, berriz, ibilgailu klasikoen argazki rallya egingo dute. Bihar ere festa giroa izango da nagusi auzoan. Besteak beste, meza, zezen txikiak eta herri kirolak izango dira Landetan. 13:00etan hasiko diren herri kiroletan aizkora apustua egingo dute Joseba Otaegik eta Oihan Larretxeak Mikel Larrañagaren eta Eneko Otañoren kontra. 20 kanaerdiko ebaki beharko dituzte, txanda librean. Horrez gain, Martin Mendizabalek marka saiakera egingo du. 150 kiloko kubikoa ahal bezain bestetan jaso beharko du, hiru minutuko txandan. Bestalde, Jon Unanue Goenatxo III.-a, Elias Perez eta Xabier Lizarralde harri-jasotzen ariko dira. Giroa trikitilariek eta Beñat Lizasok eta Haritz Etxeberria Ministro bertsolariek alaituko dute. Hona hemen, gaur goiz eta eguerdi parteko argazkiak: [flickr_set id="72157677262354276"]

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide