Jorge del Cid eta Nerea Odriozola izan dira Espainiako Lurreko Rallyeko azpitxapeldunak

Urola Kostako Hitza 2016ko abenduaren 2a

Azken lasterketan 4. postuan sailkatu zen Azpeitiko bikotea, eta horri esker lortu zuten sailkapen orokorreko bigarren postua. Azpeitiko X. Slalomean Gorka Olaizola zarauztarrak irabazi zuen.

Jorge del Ciden eta Nere Odriozolaren autoa lasterketa batean. (Jorge del Cid) Pasa zen asteburuan jokatu zen Espainiako Lurreko Rallyen Txapelketako azken proba Pozoblancon (Cordoba, Espainia), eta, denboraldiko puntu guztiak gehituta, Jorge del Cid Azpeitiko bizilagunak eta Nerea Odriozola azpeitiarrak bigarren postua lortu dute. Azken proban, Azpeitiko bikoteak zailtasun tekniko handiak izan zituen, hain zuzen ere, kotxeari bultzaka sartu behar izan zuten helmugara. Horren ondorioz, sailkapen orokorreko bigarren postua galtzeko zorian izan ziren. Halere, azken esfortsuak saria izan zuen, eta azken proban laugarren sailkatuta, lehiaketako azpitxapeldun izan ziren. Azpeitiko X. Slaloma Pasa den igandean jokatu zen Azpeitiko X. Slaloma ere. 30 auto-gidari elkartu ziren txapelketan, eta Gorka Olaizola zarauztarra izan zen txapelduna. Bigarren, Raul Perez sailkatu zen, eta hirugarren sailkatua Julen Etxeberria izan zen. Bigarren mailako txapelketan, berriz, Victor Calvo izan zen txapelduna. Bigarren postua Oscar Revillak lortu zuen, eta hirugarrena Gurutz Agirretxe errezildarra izan zen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide