Gazte eta sortzaile

Eider Bereziartua 2016ko abenduaren 2a

'Shine Again' antzerki musikatua idatzi eta zuzendu dute Kari Alberdi eta Xabier Barquero azkoitiarrek. Antzerkia, dantzak eta abestiak uztartzen dituen ikuskizuna sortu dute.

(Shine Again) Argiak, kamera, akzioa! Martxan da Azkoitiko eta Azpeitiko neska-mutil gazte batzuek sortutako Shine Again antzerki musikatua. Institutu bateko bizitza du hizpide obrak, eta 29 lagun arituko dira gaur, estreinako emanaldian, oholtza gainean. Antzezteaz gain, dantzatu eta abestu ere egingo dute aktoreek, Azkoitiko Baztartxo antzokian, 22:00etan hasita. Kimika ikaslea da Kari Alberdi (Azkoitia, 1996), eta Erizaintza ikasten ari da, berriz, Xabier Barquero (Azkoitia, 1997). Biak ala biak dira fenomeno horren “errudunak”. Ikasten ari direnetik “urrun” egon arren, beraiek idatzi eta zuzendu dute Shine Again antzezlana. “Orain dela lau urte-edo sortu genuen proiektua. Gure nahia Azkoitian eta inguruko herrietan antzerkirako zaletasuna zabaltzea zen, batez ere, gazteen artean. Casting-a egin genuen, eta, hortik aurrera, larunbatero elkartzen hasi ginen. Rise&Shine izan zen gure lehen lana, eta, orain, Shine Again egin dugu. Bigarren zatia da”, azaldu du Barquerok. Lehenengo zatiak “oso harrera ona” izan zuela-eta animatu dira bigarrena egitera. “Publikoaz gain, lanean ari zirenak ere oso gustura zeuden, eta gehiago nahi zuten. Denek eskatzen zuten bigarren zatia. Institutu batek askorako eman dezake, eta istorioa luzatzeko aukera ikusi genuen. 2015eko udan ekin genion bigarren gidoia idazteari, eta irailean hasi ginen entseguekin”, gaineratu du Alberdik. Ameriketako Estatu Batuetako musikaletan oinarrituta dago lana, eta, haiek bezala, oso istorio “estereotipatua” dela azaldu dute: “Musikal guztiak antzekoak izan ohi dira. Antzerkiari musika jartzen diozun momentutik bide batetik zoaz, erreferente batzuk dituzu. Musikal asko egin izan dira, eta guk asko ikusi ditugu hau prestatzeko. High School Musical-ekin eta Goazen! telesailarekin antzekotasunak ditu”. Irakurri erreportaje osoa Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide