28 urteren ostean, itxi dute Lapatx zabortegia

Julene Frantzesena 2016ko aza. 30a, 18:27

Aurrerantzean ez dute hondakinik jasoko han, eta Urola Erdiko zaborrak Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) Elgoibarren duen transferentzia gunera bideratuko dituzte. Eta, handik, Merueloko (Kantabria, Espainia) zabortegira eramango dituzte urtea bukatu bitartean.

Eneko Etxeberria, Aitor Bereziartua, Erramun Goikoetxea eta Xebero Agirretxe Lapatxeko sarreran. (Julene Frantzesena) Gaur arratsaldean itxi ditu ateak Lapatxek. 28 urtez milioika tona errefus jaso dituen eta Azpeitiko Elosiaga auzoan dagoen zabortegia behin betiko itxi dute. Aurrerantzean ez dute hondakinik jasoko han, eta Urola Erdiko zaborrak Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) Elgoibarren duen transferentzia gunera bideratuko dituzte. Eta, handik, Merueloko (Kantabria, Espainia) zabortegira eramango dituzte urtea bukatu bitartean. Azaroaren 17an jakinarazi zuen ixteko erabakia Azpeitiko Udaleko eta Urola Erdiko Mankomunitateko ordezkariek, eta data horri onespena eman zioten Urola Erdiko Mankomunitateak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK); horregatik, gaur itxiko dute. Itxi baino ordu batzuk lehenago agerraldia egin dute Aitor Bereziartua Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakari eta Azpeitiko Udaleko zinegotziak, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak, Xebero Agirretxe Errezilgo alkateak eta Erramun Goikoetxea Bidania-Goiazko alkateak. Bereziartuak azaldu duenez, "herritarrei emandako hitza bete" dute. Haren arabera, gaurĀ  da zabortegia behin betiko ixteko behar diren "tramite, seilatze eta bestelako neurriak hartzen hasteko garaia". Nolanahi ere, haren ustez, urteak beharko dira ingurua bere onera bueltatzeko, eta "bestelako itxura" har dezan lan egingo dute datozen hilabeteetan eta urteetan. Mankomunitateko lehendakariak esan zuenez, "ez da erraza izan" Lapatx ixtea. Izan ere, 1988an 20 urterako zabaldu zuten zabortegia, eta hogei urte bete zituenetik bi itxiera data izan ditu: "Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak 2009an ixteko konpromisoa agertu zuen, baina ez zuen hitza bete, eta, gainera, zabortegia handitzea erabaki zuten. Hala, 375.000 zabor tona gehiago jasotzeko egokitzapenak egin zituzen. 2014an ere bazuen itxiera data, baina ez zen itxi, eta iaztik Gipuzkoa osoko zaborrak jasotzen aritu ostean, erabat beteta itxiko dugu". Joan den otsailean erabaki zuen Urola Erdiko Mankomunitateak, aho batez, Lapatx betetzean ixtea. Bereziartuaren arabera, "herritarren interesen eta haien osasunaren alde" egin zuten. "Uste dugu nahikoa eta gehiegi direla 28 urte, Azpeitiko, Errezilgo eta Bidania-Goiazko herritarrek etxe ondoan zabortegi bat izateko". Lapatx zen Gipuzkoan irekita zegoen zabortegi bakarra; izan ere, 2014ko abenduan itxi zuten Zarauzko Urteta eta 2015ean Beasaingo Sasieta. Errenteriako San Markos, berriz, 2008an itxi zuten. Barkamen hitzak Azpeitia, Errezil eta Bidania-Goiazko bizilagunentzat atzokoa egun "oso pozgarria" zela esan zuen Etxeberriak. Aitzitik, "barkamena" eskatu zien Lapatx inguruan bizi diren herritarrei. "Oso korapilatsua da zabortegi baten ondoan bizitzea, eta asko sufritu dutela badakigu. Denok dakigu zabortegi batek eragiten dituen kalteak sakonak direla". Era berean "elkartasuna" adierazi die zabortegiaren gisako proiektuak jasan ditzaketen herrietako biztanleei. "Guk badakigu zabortegi bat herrian izatea zer den, eta ez dugu nahi kalte hori beste inon jasatea". Horregatik, "eskumena duten erakundeei" eskatu die "herritarrak kaltetuko ez dituen irtenbidea" emateko hondakinen gatazkari; "irtenbideak egon badaudelako".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide