Azpeitiko Bizikidetza Foroko kideak. (Eneritz Albizu Lizaso)
Duela bi urte eta erdi hasitako ibilbideari bukaera emango diote bihar bizikidetza ardatz duen Herritarren Foroko kideek, prozesuaren ondorioak aurkeztuta. Alaitz Aguadok, Jexux Aizpuruak, Miren Alcedok, Jabier Altunak, Joxe Arregik, Felipe Murillok, Miren Odriozolak, Manoli Urangak eta Mertxe Otaegik osatu dute foroa, eta bihar bizi izandako esperientziaz hitz egingo dute jendaurrean, Sanagustin kulturgunean, 19:00etan hasita.
"Lorturiko errespetu eta elkar ezagutza aprobetxatuz, iragan hurbilak, orainak eta etorkizunak lotzen dituen zenbait korapilo askatzeko saiakeran" aritu dira herritar horiek bi urte eta erdiotan. Iazko apirilean aurkeztu zuten foroa jendaurrean, eta orduan esan zutenez, urte luzez jasandako indarkeria, giza eskubideen urraketa eta bazterketa egoerek eragindako "sufrimendu eta inkomunikazio egoerak" elkarbanatzeko sortu zuten taldea.
Bihar berriz agertuko da taldea jendaurrean; izan ere, ibilbideari bukaera ematea erdietsi dute foroko kideek.
Ondorioak, plazara
Partaideek Aitziber Blanco (Bilbo, 1972) Lokarriko kide ohia izan dute prozesuan bidelagun eta koordinatzaile. Hark esan duenez, ekitaldian, besteak beste, foroaren ibilbidea eta egindako lana azalduko dituzte. "Alde batetik, halako prozesu bat bizitzeak zer esan nahi duen azalduko dute; izan ere, ohitu gabe gaude desberdinen artean gai korapilotsuez eta konplexuez hitz egiten". Horrez gain, landu dituzten gai batzuen inguruan foroko kideek adostu dituzten gutxieneko ondorio batzuk ere plazaratuko dituzte, eta kide bakoitzak "elkarrekin bizi izan duten prozesuaren kontakizuna egingo du".
Ekitaldiaren iragarpena egiteko bideo bat osatu dute foroko parte-hartzaileek. Bideo horretan, Joxe Arregik dio "ariketa xumea eta humanoa" egin dutela urteotan: "Bestearen sufrimendua ulertzea eta haren tokian jartzen saiatzea izan da ariketa, norbere ideologia, arrazoi eta alderdikeria guztiak baino inportanteagoa baita". Miren Odriozolak, berriz, "gai askoren inguruan hitz egin eta eztabaidatu" dutela esan du. "Eskubide bortxaketak eta horiek eragin duten minaz eta sufrimenduaz, biktimez eta gatazka politikoaren arrazoiez aritu gara".
Mertxe Urtuzagak dio foroan parte hartzen hastea "kostatu" egin zitzaiola, baina, denbora pasatu ahala, "lasaiago eta gustura" egon dela esan du: "Merezi izan du". Jabier Altunak dioenez, "desadostasunean, elkarbizitza posible da errespetuz". Eta Jexux Aizpuruak politikariei dei egin die, "guk egin badugu, beraiek egitea ere posible" dela esanez. Alaitz Aguadok, berriz, herritarrei ekitaldira bertaratzeko deia egin die: "Erakutsi nahi dugu hitz egiteko kapaz izan garen bezala, foroan egindako lanari esker, gai garela adierazteko eta publikora ateratzeko".