Gure Inguruari Begirada Bat lehiaketako saridunak eta Azpeitiko Udaleko ordezkariak (Nerea Uranga/Hitza)
Lasaon, Urola ibaiaren toki bakar batean, ateratako bi argazkik irabazi dituzte XV. Gure Inguruari Begirada Bat lehiaketaren bi sari bereziak. Bi ikuspegitatik aterata, esanahi desberdina adierazten dute biek: Juan Carlos del Pozok egindakoak alde positiboa erakusten du, paisaia ederra ikusten da bertan. Egileak sari banaketan kontatu bezala, "ez nuen tokia ezagutzen, eta bertara iritsi nintzenean txundituta geratu nintzen. Bertatik bertara dugun toki eder bat da". Bestalde, alde negatiboa erakusten du Javier Bastidaren argazkiak: ibaiaren bazterrean zaborra pilatuta azaltzen da.
Horixe da Gure Inguruari Begirada Bat argazki lehiaketaren xedea, ingurumena kontuan hartuta Azpeitiaren inguruan alde negatiboa eta positiboa islatzen duten argazkiak jasotzea eta saritzea. Aurten,
Jasangarritasuna izan dute gaia parte-hartzaileek. Aitor Bereziartua Azpeitiko Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, 11 parte-hartzaile izan dira. Uste baino gutxiago. Horregatik, datorren urtera begira lehiaketa indartzeko hausnarketa bat egingo dutela azaldu du, eta herritarren proposamenak jasotzeko prest daudela udaletxean.
Lehiaketara aurkeztutako argazkiekin erakusketa zabaldu dute Betharrametako aretoan. Abenduaren 10era arte egongo da zabalik, astegunetan 18:00etatik 20:00etara eta asteburu eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara.
SARITUAK:
Positiboan:
Sari berezia, Juan Carlos del Pozo.
Beste hiru sarituak: Iñaki Etxenagusia, Igor Froilan eta Alberto Beloki.
Negatiboan:
Sari berezia, Javier Bastida.
Beste hiru sarituak: Jexux Artola, Iñaki Aranburu eta Angel Olabarria.