Maialen Etxanizen irudia. (Uztarria.eus)
Irudhitzen lehiaketako hamabi argazki onenen zerrenda jakinarazi du Azpeitiko Argazki Elkarteko kideek osatutako epaimahaiak gaur, ostirala. Guztira, 81 argazki bidali zituzten lehiaketara, eta horietatik hamabi aukeratu dituzte Izaskun Zeziagak, Juan Mari Ibarzabalek, Mikel Cagigalek eta Gorka Arregik. Irudi horiekin 2017ko egutegia kaleratuko du Uztarriak.
Maialen Etxaniz azpeitiarraren argazkia nabarmendu dute, "originaltasunagatik". Hori dela eta, 150 euro eskuratuko ditu Etxanizek. Aukeratu dituzten gainerako irudiak honako herritarrenak dira: Ane Bastida, Jexux Artola, Iñaki Etxenagusia, Valen Garcia, Iñigo Olarte eta Javier Bastida.
Uztarria.eus-en ikus daitezke aukeratutako hamabi argazkiak.
Jarri hitzak irudiei
Uztarriak, Kultur Mahaiak eta Azpeitiko Argazki Elkarteak elkarlanean martxan jarritako Irudhitzen lehiaketak bi zati ditu: irudiena eta hitzena. Behin hamabi argazkiak aukeratuta, horiei hitzak jartzeko txanda da orain. Horrenbestez, herritarrek hamabi argazki horietako bakoitzaren inguruko testuak idatz ditzakete dagoeneko. Testu onenaren sariaren irabazleak 150 euro jasoko ditu.
Honako hauek dira testu laburren lehiaketaren oinarriak:
- Pertsona bakoitzak, gehienez, 5 irudiri jarri ahal izango dizkio hitzak.
- Gehienez, 100 hitzeko testuak izan behar dute.
- Abenduak 16 izango da testuak bidaltzeko azken eguna, honako helbide honetara: lehiaketakuztarria@gmail.com.
Hitzen lehiaketako epaimahaia Anartz Izagirrek, Alaitz Olaizolak eta Izaro Zinkunegi Kultur Mahaiko teknikariak osatuko dute.