Atzo atxiloketa zela eta, batzar informatiboa egin zuten dozenaka lagunek plazan. (Azpeitiko Ernai)
Azpeitiko Ikasle Abertzaleakek eta Ernaik atzo, azaroak 24, Leioako EHUren campusean
azpeitiar bat atxilotu izana salatu du, eta atxilotu zuten gazte azpeitiarrari eta haren gertukoei elkartasuna helarazi diote. Unibertsitatearen errektorea aukeratzeko hauteskunde eguna izan zen atzo EHUn, eta ikasleek manifestazioa egin zuten hauteskunde sistemaren eta unibertsitate ereduaren aldaketa aldarrikatzeko. Istiluak izan ziren Bizkaiko campusean, eta orduan atxilotu zuten azpeitiarra. Erandioko ertzainetxera eraman zuten gaztea, eta oraindik ez dute aske utzi.
Gertaera horiek salatu ditu Azpeitiko Gazte Mugimenduak, eta ikasle mugimendua "historikoki herri honen eraikuntzarako oinarrizko zutabea izan dela" esan dute. Haiek diote, horrek "etsaia urduri jartzen" duela. Bestalde, atzo Leioan izandako istiluek komunikabideetan izango duten ohiartzunari ere egin diote kritika: "Biharko hedabideetako titularrek, berriz ere, ikasleen aldarria manipulatuko duten arren, garrantzitsua iruditzen zaigu gaur ikasle mugimenduak kaleratu duten aldarria babestea eta mezua zabaltzea". Ikasle Abertzaleakeko eta Ernaiko kideek esan dute "argi" dutela arazoa ez dela "errektore hau ala bestea": "Zapaltzen gaituen hezkuntza eredu kapitalista heteropatriarkala eta dominazio sistema dira arazo".
Hona hemen Azpeitiko Gazte Mugimenduaren oharra, osorik:
"Zorionak eman nahi dizkiogu Euskal Herriko ikasle mugimenduari beldurraren kanpainaren aurrean emandako erantzunagatik. Botere faktiko eta mediatikoak ikasle mugimenduaren aldarria kriminalizatzen aritu dira, bereziki azken egunotan, eta nabarmentzekoa da mehatxu eta jazarpen polizialaren aurrean ikasleek aldarriari eusteko erakutsi duten prestutasuna.
Kriminalizazio kanpaina horren erantzule izan dira, hainbat komunikabide, alderdi politiko, eragile, sindikatu eta norbanako. Zapaltzailearen aldeko jarrera horiek baztertu eta ikasleen aldean lerrokatzeko deia egiten diegu, gazteon borroka indartuz. Atzoko kasua ezin dugu isolaturik aztertu. Ikasle mugimendua erre-presioaren jopuntua izan da aspalditik, hezkuntza sistema kapitalistaren biziraupena bermatu nahi duten horien eskutik.
Ez dugu ahaztubehar ikasle mugimendua herri honen eraikuntzarako oinarrizko zutabea izan dela historikoki, eta horrek ezinbestean etsaia urduri jartzen duela. Amaitzeko, nola ez, babes eta elkartasun osoa helarazi nahi diogu atxilotutako gazte azpeitiarrari eta bere inguruko zein familiari, baitaerasotuak izan diren ikasleei ere. Hedabideetako titularrek, berriz ere, ikasleen aldarria manipulatuko duten arren, garrantzitsua iruditzen zaigu ikasle mugimenduak kaleratu duten aldarria babestea eta mezua zabaltzea. Argi dugulako arazoa ez dela errektore hau ala bestea, zapaltzen gaituen hezkuntza eredu kapitalista heteropatriarkala eta dominazio sistema hau baizik. Horren aurrean, herritik eta herriarentzako hezkuntzaren eraikuntzan egin duten lana goraipatu eta Euskal Eskola Nazionalaren bidean bidelagun izango gaituztela helarazi nahi diegu."