(Julene Frantzesena)
Pasa den astean eman zuten Azpeitiko Udalak eta Urola Erdiko Mankomunitateak
Lapatx zabortegiaren itxieraren berri. Horren inguruan, orain, EAJk balorazioa egin du, eta "oso albiste ona" dela azpimarratu du. Horrela, "udalbatzaren osoko bilkura batean, bere garaian, denok aho batez hartutako erabaki bat betetzen" dela gogoratu du.
Aitor Gorrotxategi EAJko bozeramailearen ustez itxiera horrek lehenago etorri behar zuen, eta Gipuzkoa osoko hondakinen tratamendu integralerako foru-arauan aurreikusita dauden azpiegitura berriak jartzearekin koordinatuta egon beharko zukeen. "Ez da horrela izan, eta orain Gipuzkoako Foru Aldundian lanean diharduen talde berriari dagokio Gipuzkoako Hiri Hondakinen Plangintza Integralaren foru-araua betetzea. Konpromiso horrekin aurkeztu zen EAJ hauteskundeetara, eta irabazi egin zituen. Eta konpromisoak bete egiten dira. Horrela, egunero edukiontzietan isurtzen ditugun zaborrak beste lurralde batzuetara eramateari utziko diogu", esan du.
Gorrotxategik gogora ekarri du "Europako lurralde aurreratuenetan bezala, etorkizunean hondakin gutxiago sortu, sortzen duguna birziklatu eta gehiago eta hobeto bereiztu" behar dela.
Azkenik, gaur egungo udal gobernuari eskatu dio "pilak jartzeko eta behingoz martxan ipintzeko hondakinen bilketarako orain dela lau urte, hori ere aho batez, onartu zen sistema berria".