Aitor Arrate izango da Lagun Onakeko lehen taldearen entrenatzailea

Urola Kostako Hitza 2016ko azaroaren 21a

Besteak beste, Ondarroako Aurreran, Anaitasunan eta Bergaran aritutakoa da markinarra. Gaur jakinarazi du entrenatzaile berriaren izena Lagun Onakek, Pablo Turrillasek Sestao Riverren eskaintza onartu eta Azpeitiko taldea utzi ostean.

Aitor Arrate. (Goiena.eus) Aitor Arrate (Markina, 1977) izango da Lagun Onaken Espainiako Hirugarren Mailako taldearen entrenatzailea. Gaur jakinarazi du Azpeitiko futbol taldeak Pablo Turrillas entrenatzailearen ordezkoaren izena. Lagun Onakeko lehen taldea astebetez egon da entrenatzailerik gabe, joan den asteartean jakinarazi baitzuen Turrillasek Bigarren B Mailako Sestao Riverren eskaintza onartu zuela. Arratek eskarmentu handia du entrenatzaile lanetan; izan ere, 2004. urteaz geroztik hainbat talde zuzentzen aritu da. 2010-2011 denboaldian Ondarroako Aurreraren Ohorezko Erregional Mailako taldea entrenatu zuen. Azkoitian egin zituen hurrengo bi denboraldiak; Anaitasunaren lehen taldean, hain zuzen. Lehen denboraldi hartan Hirugarren Mailara igotzea lortu zuten gorriek. 2013-2014 eta 2014-2015 denboraldietan, berriz, Bergarako Ohorezko Erregional Mailako taldearen entrenatzaile izan zen markinarra. Entrenatzailerik gabe egonagatik, asteburuan 3 puntu lortu zituen Lagun Onakek etxean Ondarroako Aurreraren aurkako partida 2 eta 1 irabazita. Sailkapeneko seigarren postuan da Azpeitiko taldea, 22 punturekin. Sailkapeneko lehenak, Vitoriak, 29 puntu ditu. Datorren asteburuan bi taldeek neurtuko dituzte indarrak, Gasteizen. Beraz, taldearentzat ez ezik, Arraterentzat ere partida gogorra izango da estrainekoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide