Jubilatuen eta pentsiodunen astea ospatuko dute gaurtik igandera bitartean, Azpeitiko Baigera Iean

Urola Kostako Hitza 2016ko azaroaren 21a

Besteak beste, karta jokoak, hitzaldia, bingoa eta omenaldi bazkaria egingo dituzte. Hainbat ekitalditarako aurretiaz eman beharko da izena.

(Uztarria.eus) Gaur, astelehena, jubilatuen eta pentsiodunen astea ospatzen hasi dira Azpeitiko Baigera Iean. Hain zuzen ere, 16:00etan eman diote hasiera asteari karta jokoekin. Igandera arte luzatuko da aste berezia, eta egunero hainbat ekitaldi egingo dituzte. Igandean, amaiera emateko, 90 urte betetzen dituztenen omenaldi bazkaria egingo dute eta opariak banatuko dituzte Kirurin. Astean zehar egingo dituzten egitasmo guztiak irekiak izango dira, edozeinek hartu ahal izango du parte. Hala ere, hainbatetarako aurrez izena eman beharko da. Esate baterako, ostegunean Donostiako Kutxaespaziora egingo dute irteera, eta, ondoren, Aginagako sagardotegi batetara joango dira, eta han parte hartzeko izena eman beharko da. 15 euro ordaindu beharko dira. Igandeko bazkarirako ere, izena eman behar da, eta 35 euro ordaindu beharko dira. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, bazkarirako autobus zerbitzua izango da.
Hemen Jubilatu eta Pentsiodunen Asteko egitaraua: Astelehena, azaroak 21: 16:00etan: Karta jokoak: Musa Baigera Ien eta tutea nahiz punttua Baigera IIn. Asteartea, azaroak 22: 16:30ean: Zahartu ala bizi, zahartu eta bizi hitzaldia Jesus Mari Mujikaren eskutik, Baigera Ieko aretoan. Ondoren, txokolatada. Asteazkena, azaroak 23: 16:00etatik 18:30era: Bingoa Baigera IIn. Ondoren, txokolatada. Osteguna, azaroak 24: 15:00etan: Kutxaespaziora, (Eureka!-ra) irteera. Ondoren, Aginagako sagardotegira joango dira. Ostirala, azaroak 25: 16:00etan Bingo berezia Baigera Ieko aretoan. Eguneko zentrokoentzat txokolatada. Igandea, azaroak 27: 11:00etan: Hamaiketakoa Baigera Ien. 12:30ean: Hildako bazkideen aldeko meza, parrokian. 14:15ean: Omenaldia, bazkaria eta opari banaketa 90 urte betetzen dituztenei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide