Inaziotar Bideko udalerrien arteko II. Topeketetan izango dira Azpeitiko Udaleko ordezkariak

Urola Kostako Hitza 2016ko azaroaren 21a

Ostiralean elkartuko dira Guardian, Arabako Errioxan. Herrien arteko “harreman sarea egonkortzeko” pausoak ematen ari da Azpeitiko Udala. Pasa den astean Manresan (Katalunia) izan ziren bideari lotutako gastronomia asteburua ezagutzen.

(Azpeitiko Udala) Datorren ostiralean, hilak 25, Inaziotar Bideko udalerrien arteko II. Topaketak izango dira Guardian, Arabako Errioxan. Bertan izango dira Azpeitiko Udaleko ordezkariak. Lehen Topaketa Azpeitian egin zuten pasa den udaberrian, eta “orduan hartutako konpromisoari segika” egingo dute bigarrena.

Azpeitian, Loiolan, hasten da Inaziotar Bidea eta Manresan (Katalunian) bukatzen da, eta “turismo kulturalean eta erromesaldien artean nazioarteko erreferentzi bilakatzea” nahi dute. Horren harira, bidea pasatzen den herrien arteko harreman sarea egonkortzeko urratsak egiten ari direla jakinarazi du Azpeitiko Udalak. Horretarako, pasa den astean, Manresan izan ziren udal ordezkariak, eta teknikoak “harremanak sendotu eta bidearen inguruan lehen aldiz antolatutako gastronomia asteburua ezagutzeko”. Agustin Lizarralde Turismo zinegotziak bidaiaren balorazio “positiboa” egin du: “Bidearen hasiera eta bukaera, hau da, Euskal Herria eta Katalunia koordinatu samar ari gara lanean, erronka bide osoa zeharkatzen duten herri guztiak koordinatuta aritzea da, ordea”.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide