Zaborren kudeaketa hobea eskatuz, manifestazioa

Eider Bereziartua 2016ko azaroaren 18a

Manifestazio "jendetsua" izango dela uste dute: "Jendea prest dago gauzak txukun egiteko".

Kanpainaren aurkezpena. (Julene Frantzesena) Irailaren amaieran hondakinen inguruko kanpaina bat jarri zuten martxan Elkar-ekinek eta Lapatx-Elosiaga inguruko bizilagunek. Kanpaina hori bukatzeko eta zaborren kudeaketa hobea eskatzeko, manifestazioa egingo dute bihar. 18:30ean abiatuko da mobilizazioa Azpeitiko plazatik eta Sanjuandegiko Jose Antonio Agirre plazan amaituko da. Han komunikatu bat irakurriko dute antolatzaileek. "Kanpainarekin hasi ginenean kezka bat geneukan. Herrian ez zen hitz egiten zaborraren arazoaren inguruan, ez zegoen inolako mugimendurik. Horren inguruan sentsibilizazio apur bat sortzeko helburuarekin hasi genuen kanpaina hori. Nahiko lan ona egin dugula uste dut, pertsona batzuengana iritsi gara. Manifestazioa kanpainari bukaera emateko egingo dugu", azaldu du Joxemari Iturria Elkar-ekineko kideak. "Herritarrok kontziente izan behar dugu hondakinen garrantziaz, eta zabor guxiago sortu behar dugu", gaineratu du Miren Odriozola Elosiagako bizilagunak. Biek ala biek manifestazio "jendetsua" izango dela uste dute: "Jendea prest dago gauzak txukun egiteko". Lapatx itxi, Errauskailurik ez eta Birziklatu eta berrerabili izango dira manifestazioko leloak, eta horietxek izan dira kanpaina osoan zehar babestu dituztenak ere. "Herritarrok zaborra ondo sailkatzen badugu, birziklatzen badugu eta zabor guxiago sortzen badugu, errauskailu baten beharrik ez dela izango uste dugu, eta askoz hobeto izango da hori guztiontzat", esan du Odriozolak. Horren harira, bi mahai inguru antolatu dituzte kanpainan zehar, Sanagustin kulturgunean. Lehenengoan errauskailuak osasunean eragin ditzakeen kalteen inguruan hitz egin zuten, eta, bestean, Arrasaten dagoen hondakinak biltzeko sistemaz aritu ziren. "Azpeitiko Udalak, ikusita han emaitza onak izan dituela, sistema horren antzekoa jarri nahi du herrian. Martxoan-edo martxan jarriko dutela esan zuen", dio Iturriak. Hala ere, Arrasaten sistema hori jarri aurretik, udalak kontzientziazio kanpaina handia egin zuela diote, eta horregatik lortu dituela hain emaitza onak: %82 birziklatu da 9 hilabetean. "Hemen ere hori landu egin behar da. Guk gure aldetik kanpaina bat egingo dugu, baina udaletxeari exijitzen diogu bera ere bustitzeko gai horren inguruan; lan egin beharko du. Hori izango da aurrera begira gure lana", dio Iturriak. "Herri guztietan bilketa hori egingo bagenu, zaborraren arazoari irtenbidea emango genioke. Ez da zaila", esan du Odriozolak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide