Azaroaren 30ean itxiko dute Azpeitiko Lapatx zabortegia

Urola Kostako Hitza 2016ko azaroaren 17a

«Data ziurra» denez, «berri pozgarria» dela azpimarratu du Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak. Zaborrak birziklatzeko sistema berri bat jarriko dutela ere nabarmendu dute.

Lapatx zabortegiak badu itxiera egun bat: hilaren 30ean itxiko dute, zabor gehiago sartzeko lekurik egongo ez delako. Beraz, abenduaren 1etik aurrera ez dute hondakin gehiago ekarriko zabortegira. Atzo arratsaldean eman zuten horren berri Azpeitiko Udaleko eta Urola Erdiko Mankomunitateko ordezkariek. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak "oso berri pozgarria" dela adierazi zuen. Herritar guztiei eskerrak eman zizkien "urteotan izandako pazientziagatik eta konfiantzagatik": "Ez da erraza zabortegi baten ondoan bizitzea, oso solidarioak izan gara azpeitiarrak Gipuzkoa osoarekin, baina orain ezin dugu gehiago izan. Hemendik aurrera gure zaborrak ere beste lekuetara eraman beharko ditugu". Data horri onespena eman diote Urola Erdiko Mankomunitateak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK), eta, beraz, Etxeberriak adierazi zuenez, itxiera data "ziurra" da: "Aurretik ere izan ditu Lapatxek itxierarako datak, inoiz bete ez direnak, atzeratu dituztenak... Eta, oraingoan, Lapatxen aroa bukatu da". Hurrengo pausoa juridikoki behin betiko ixtea litzateke, inoiz berriz irekitzeko aukerarik egon ez dadin, eta, alkateak adierazi zuenez, udalak norabide horretan egingo du lan. Etxeberriaren arabera, Lapatxen itxierak "aro berri bat" ekarriko du herrira. Izan ere, birziklatzeko beste sistema bat jarriko dute. Lapatx zabortegia bete artean Gipuzkoako hondakinak jasotzen jarraituko zuela erabaki zuten Urola Erdiko Mankomunitatean otsailaren 1ean, ezohiko zuzendaritzaren batzarrean. Gehiengo osoz hartutako erabakia izan zen. Izan ere, aurretik GHK-k Lapatx ixteko epea luzatzea eta eremua handitzea eskatu zion Urola Erdiko Mankomunitateari. Hurrengo egunean, otsailaren 2an, Azpeitiko Udalak, bailarako mankomunitateak hartutako erabakia errespetatzeko eskatu zion GHK-ri. Eta hala izan ezean, herri galdeketa deituko zuela iragarri zuen, azpeitiarrena izan behar zuelako erabakiak. Galdera zehatza zein izango zen ere iragarri zuten orduan: Lapatx ixtea nahi duzu?. 28 urtez zabalik Sorreran hamar urterako proiektua zen Lapatx zabortegia. Hala adierazi zuen Azpeitiko Udalak 1988an Elosiaga auzoan zabortegia zabaldu zutenean. Zabortegia ixteko epea, ordea, behin eta berriro luzatu da. Hamar urterako zena 28 urtez ari da hondakinak jasotzen. Lapatx ixteko azken saiakera iaz egin zuten,  2015eko apirilean itxi nahi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak. 2014ko otsailean iragarri zituzten Gipuzkoako zabortegiak ixteko epeak. Lapatxkoarekin batera martxan egon diren beste hiru zabortegiak itxita daude dagoeneko: 2014ko abenduan itxi zuten Zarauzko Urteta eta 2015. urtean Beasaingo Sasieta. Errenteriako San Markos, berriz, orain dela zortzi urte itxi zuten, 2008an. Beraz, iaztik hondakinak jasotzen jarraitu duen Gipuzkoako zabortegi bakarra izan da Azpeitikoa, Lapatx.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide