Foru Aldundiak Ezkuztako zabalgunea berrantolatuko du

Urola Kostako Hitza 2016ko azaroaren 17a

112.573 euroko aurrekontua izango dute lanek, eta hilabete eta erdiko epean amaitzea aurreikusten dute.

Ezkuzta harrobiaren parean errepidea zabaltzeko eta hobetzeko egindako obren ondorioz sortutako zabalgunea berrantolatzeko lanak hasiko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak egunotan. 112.573 euroko aurrekontua izango dute lanek, eta hilabete eta erdiko epean amaitzea aurreikusten dute. Egun zabalgune hori "zenbait material pilatzeko gune gisa erabiltzen" dela, eta "gune horretatik GI-631 errepidera maniobrak inolako antolamendurik gabe egiten" direla salatu du Aldundiak, eta hori "hobetze aldera" egingo dituzte lanak. Berrantolaketa horri esker, zabalgunera sarrera eta irteerak puntu bakar batetik bideratuko dira "maniobrak modu eroso eta seguruan egiteko asmoz". Gainera, «gunea txukun mantentzeko eta probetxua ateratzeko" zazpi aparkaleku jarriko ditu zabalgunean. Drainatzeari dagokionez, hormigoizko bi areka eta hiru kutxatila berri egingo dituzte eta ibaiaren kanalizazioa hobetuko dute. Ibaia eta zabalgunearen artean hormigoizko karela ere egingo dute desnibela "babesteko".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide