Kanpainaren aurkezpena, Iruñeko Katakrak liburudendan. (Oinatzak Produkzioak)
Pasaiako Badia dokumentala finantzatzeko kanpaina aurkeztu zuen pasa den larunbatean, azaroak 12, Oinatzak produkzio taldeak. Yuri Agirre, Erik Aznal eta Xabier Otamendi azpeitiarrak ari dira Pasaiako sarraskiaren inguruko ikus-entzunezkoa grabatzen, eta "orain arte sortutako gastuen zati bati eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko"
crowdfunding kanpaina jarri dute martxan,
www.verkomi.com atarian. Arrakastatsua ari da izaten kanpaina, eta abenduak 21a bitartean jaso nahi zituzten 8.000 euroak bildu dituzte dagoeneko. Hala ere, egun horretaraino dirua biltzen jarraituko dute. Aurkezpenean azaldu zutenez, diru laguntza ematen duten herritarrek dokumentalaren DVDa eta posterra jasoko dituzte "ordainsari gisa", eta produktu ekologikoen otarre baten nahiz landetxean asteburu pasa baten zozketan sartuko dira.
Dokumentalak 1984ko martxoaren 22an Pasaiako badian jazotako gertaerak ditu oinarri. Egun hartan, Jose Mari Izura Pelu,Pedro Mari Isart Pelitxo, Rafael Delas Txapas eta Dioni Aizpuru Kurro hil zituzten tirokatuta. Azpeitiarrak maiatzean hasi ziren grabaketekin, eta ordutik, besteak beste, hildakoen senideekin, lekuko zuzenekin, Pasaiako herritarrekin eta hainbat abokaturekin egin dituzte grabazioak. Azaldu zutenez, "elkarrizketa gogor, latz zein hunkigarriak" jaso dituzte.
Hemendik aurrera, berriz, Pako Etxeberria mediku forentsea eta giza eskubideen inguruko aditu bat elkarrizketatuko dituzte, eta orduan Espainiako Gobernuko kide ziren beste hainbaten testigantzak jasotzen saiatuko dira. Dokumentala 2017ko udazkenean estreinatuko dute, eta lana "Euskal Herriko txoko guztietara nahiz nazioartera" zabaldu nahi dute.