(Ainitze Agirrezabala)
150. urteurrena ospatzen ari da Azpeitiko Udal Musika Banda. Horren harira, eta azaroaren 22an musikarien eguna –Xixili eguna– dela kontuan hartuta, egitarau berezia prestatu du azaroaren 19rako, larunbata. Hasteko, 11:00etan, kalejira egingo dute herriko kaleetan barrena. Ondoren, 12:00etan, Udal Musika Bandaren liburua aurkeztuko dute Sanagustin kulturgunean, eta, 13:00etan, kontzertu berezia eskainiko dute leku berean.
Eñaut Frantzesena (Azpeitia, 1976) Udal Bandako partaidea da, eta bera izan da larunbatean aurkeztuko duten liburuaren idazlea.
Zer jasotzen du Udal Musika Bandaren liburuak?
Bandaren historia jasotzen saiatu gara. Horretarako, Imanol Eliasek aztertu zituen udal artxiboko aktak begiratu ditugu, udaleko kontuetan ibili gara informazioa jasotzen eta jendeari galdetu diogu. Horrela bandaren historia jaso dugu, sorreratik orain arte. Bestalde, argazki batzuk ere bildu ditugu.
Erraza izan al da informazioa biltzea?
Imanol Eliasek erabilitako artxiboen jatorrira joan gara. Hark erabilitako dokumentuak udaletxeko kontuak ziren, eta kontu horietan bandak egindako gastuak-eta agertzen ziren. Guk hortik jo dugu.
Hala ere, artxiboko lana ez da hain zaila izan. Idaztea, edukia aukeratzea eta beste zenbait gauza kentzea... Hori zailagoa izan da.
Zuretzat zer izan da liburu hori idaztea?
Alde batetik, esperientzia berria izan da, eta, bestetik, gauza gehiago jakiteko balio izan dit. Orokorrean esperientzia ona izan da, gorabeherak izan ditugun arren.
150 urte erraz esaten da, baina zein balorazio egin duzue zuek?
Ez dugu baloraziorik egin oraindik. Agian urte bukaeran-edo egingo dugu. Kontua da bandak 150 urte bete dituela pentsatzen genuela, baina gehiago dira. Artxiboan begiratzen ari ginela ohartu ginen horretaz...
150 urte baino gehiago direla diozu. Zehazki zenbat diren badakizu?
Zehazki ez dakigu. Artxiboetan data bateraino iritsi gara, baina aurkezpeneko egunean bertan-edo esango dugu zein den.
Nori zuzendutako aurkezpena da larunbatekoa?
Ba, ez dakit. Ni han izango naizela bakarrik dakit. Denentzat izango dela interesgarria uste dut, ordea. Hala ere, aurkezpena garrantzitsua izanagatik ere, ondoren egongo den kontzertua izango da polita.
Kontzertu horretarako deialdia egin zenieten herritarrei. Nolako erantzuna jaso duzue?
Jendea animatu da, entseguetara ari da joaten. Batzuek kalejiran parte hartuko dute, beste batzuk kontzertuan arituko dira, eta, beste batzuk jotzera animatu ez arren, kontzertua ikustera animatuko direla uste dut.