Erika Olaizola: "Gauzak ez dira berez etortzen, aurretik zuk hazitxo bat erein behar duzu"

Urola Kostako Hitza 2016ko azaroaren 15a

Azpeitiko hainbat eragilek antolatutako elkarrizketa zikloan, Olaizola izan da bigarren gonbidatua. Aktore lanbideaz eta sektoreak Euskal Herrian duen egoeraz hitz egin du.

Ezkerrean Izaro Zinkunegi, eta eskuinean Erika Olaizola. (Julene Frantzesena) Azpeitiko Kultur Mahaiak, Erlo Telebistak, Sanagustin kulturguneak, Urola Kostako Hitzak eta Uztarria Komunikazio Taldeak elkarrizketa ziklo bat hasi zuten pasa den maiatzean. Azpeitiar ezagunak elkarrizketatzea du helburu egitasmoak, eta, horren barruan, Erika Olaizola (Azpeitia, 1989) aktorea izan da bigarren elkarrizketatua. Azpeitian jaio zen Olaizola eta  Azpeitiko Ikastola Ikasberrin egin zituen lehen ikasketak. Ondoren, goi-mailako errealizazio zikloa egin zuen Andoainen, eta, hori amaitutakoan, Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean ikasi zuen hiru urtez. Ordutik, aktore eta sortzaile lanetan ibili da buru-belarri azpeitiarra. Egun, Francoren bilobari gutuna obran ari da lanean. Zaletasunetik abiatuta, edo bidean topo egin duzulako iritsi zara egungo egoerara? Bizitzan atzera begiratzen duzunean esaten duzu: "Zer ez da kasualitatea?". Nik uste dut banuela txikitatik zerbait barruan. Adibidez, eskolaz kanpoko jardueretan antzerkia izan da huts egiten ez nuen gauza bakarra. Hala ere, barnean daramazun zerbait izan arren, agian, ez duzu haratago ikusten. Ez gaude hezita esateko aktore lanak egin nahi ditugula. Alde horretatik ni zorteduna sentitzen naiz. Familian eta etxean ez didate inoiz baldintzarik jarri, askatasuna izan dut nahi dudana ikasteko eta egiteko. Askatasun hori aprobetxatu dut. Aktore munduan norberak aurkitu behar al ditu bidezidorrak? Konplexua da. Nire ustez jasotzeko eman egin behar da, hori da oinarria. Zain ezin zara gelditu zerbaiten aurrean. Gauzak ez dira berez etortzen, aurretik zuk hazitxo bat nonbaiten erein behar duzu. Oreka bat da. Irekita bazaude zerbait etor daiteke, baina etortzen ez den bitartean zuk joan behar duzu hazitxo horiek landatzen. Momentuan bizitzen ikasten duzu: orain eta hemen. Batzuetan aurrera begiratzen duzu eta beldurrak barrua jaten dizu, ez baitaukazu ezer egonkorrik. "Ez dakit" horiek lasai hartu behar dira. Osasuntsu al dago antzerkigintza Euskal Herrian? Nik ez dut oso osasuntsu dagoenik sentitzen. Nik neuk zortea izan dut tokatu zaizkidan lanengatik-edo, baina ingurura begiratuta egoera txarra dela iruditzen zait. Azkenean artista batek beti sortuko du bere beharrak edo barruko harrak bultzatuta, baina hori aurrera atera ahal izateko azpiegiturak, baldintzak, eta babesa beharrezkoak dira. Uste dut alderdi horretan hutsune handiak daudela. Lan eskaintza handirik ez dago ez telebistan eta ezta antzerkian ere. Behin Kontxu Odriozolak esan zuen Euskal Herrian aktorea ez dela maite. Publikoari dagokionez, babestuta al dago aktorea? Ez dut uste. Nik nire ikuspuntutik begiratzen dut eta inguruan denek babestu eta lagundu naute. Baina zerbait orokortzat hartuz gero, argi dago ez dela beste lanbideak bezala ikusten. Agian ez dugu ulertzen benetan zer den edo zer suposatzen duen aktore izateak. Atzean lan pilo bat dago. Urrutira joan gabe nire amonak dio: "Ni pozik nago zu hala zaudelako, baina zergatik ez duzu beste zerbait egiten". Denbora alferrik galtzea bezala ikusten du jendeak. Kostatu egiten da jendeak ulertzea lana dela niretzat, eta, lana izateaz gain, gustuko dudala, zaletasuna dela. Sortzaile baten atzean ez dakigu zer dagoen, emaitza ezagutzen dugu, baina ez dugu irudikatzen zenbat lan dagoen atzean. Egun, Azpeitian kultur eskaintza zabala dagoela esan daiteke. Beharrezkoa ikusten duzu hori? Bai, dudarik gabe. Azpeitian sumatzen da badagoela halako mugimendu bat indar asko daukana. Gogo asko dago eskaintza zabaltzeko eta gauzak egiteko. Hori izugarri indartsua da eta aprobetxatu egin behar da. Hala ere, programazio eder bat egin daiteke, baina gero ikuslerik ez badago... Hor dago benetan lan potoloa. Bidetxo bat hasi gara egiten eta bagoaz, baina uste dut oraindik lan handia dagoela egiteko. Eskaintza egoteko eskari beharra dago. Aktorea zara izatez, baina, aktorea izateaz gain, emakumea ere bazara. 12 urte eta gero, iaz amaitu zen emakumezkoen antzerki tailerra Azpeitian. Zer eman dizu zuri horrek? Izugarria izan da horren parte izatea. Neska baten ordezko bezala hasi nintzen, eta sei edo zazpi urtez jarraitu nuen. Pilo bat lagundu dit nolakoa naizen ikasten joateko. Zerbait berezia izan da. Han biltzen ginenak antzerkia egiteko batzen ginen, baina, era berean, beste gauza askok elkartzen gintuzten. Emakume zoragarri asko ezagutzeko aukera izan dut. Familia txiki-handi bat izan gara urte dezentean. Uztea pena bat izan zen guztiontzat, baina bizia ere horrelakoxea da: hasten da, aldatzen da eta, ondoren, bakoitzak gure bideak hartzen ditugu. Antzerki munduan ba al dago berdintasunik emakumezkoen eta gizonezkoen artean? Betiko gaia da hori. Nik uste dut inon ez dagoela berdintasunik, eta hor ere ez. Begiratzen hasten bazara zein paper dauden aktore emakumeentzat, ikusiko duzu errepikatu egiten direla rolak. Ikusezin sentsazio bat dago. Nik uste dut zailxeago dagoela guretzat beti. Sortzaile gisa, beharrezkoak al dira Dinamoa bezalako egitasmoak? Bai, horrelako leku bat beharrezkoa dela uste dut sortzaileek jakiteko atea non jo, laguntza jasotzeko eta gutxieneko baldintza batzuk izateko lan egiteko. Orain ari dira aurrerapausoak ematen, eta eskerrak, baina honek aspaldi izan behar zuen. Hutsune pila bat daude ez direnak zaindu. Espazio falta ikaragarria egon da beti bai entseguetarako eta baita gauzak gordetzeko ere. Baldintzak ez dira izan aldekoak. Ikusi elkarrizketa osoa bideoan, hemen.
‘Francoren bilobari gutuna’ antzezlana Artedrama (Bizkaia), Le Petit Theatre de Pain (Lapurdi) eta Dejabu Panpin Laborategia (Gipuzkoa) antzerki konpainiek elkarlanean sortutako antzezlana da Francoren bilobari gutuna. Erika Olaizola aktorea da antzezlaneko protagonistetako bat. Urriaren 31n estreinatu zuten obra Luhuson, eta Azpeitian izan ziren azaroaren 4an. Hemendik aurrera eskualdeko hiru udalerritan izango dira: abenduaren 8an Zumaian, otsailaren 10ean Zarautzen eta abenduaren 4an Azkoitian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide