Hitzartuk "helburua beteta" amaiera eman dio bere bideari, eta Gure Esku Dagok jarraituko du aurrerantzean lanean

Eider Bereziartua 2016ko azaroaren 12a

Sanagustin kulturgunean elkartu dira Hitzartuko ordezkariak eta herritarrak. Egindako ibilbidearen inguruan eta etorkizunari buruz hitz egin dute bertaratutakoek.

Batzarraren unea. (Eider Bereziartua) Gaur, azaroak 12, independentziaren gaineko herri galdeketa egitea helburu zuen Hitzartu elkarteak amaiera eman dio bere ibilbideari: "Hitzartu misio konkretu batekin jaio zen eta behin misio hori beteta bere ibilbideari amaiera emateko parada iritsi da". Sanagustin kulturgunean bildu dira 11:00etan Hitzartuko ordezkariak eta ehun herritar inguru, eta bertan, adierazi dute beraien asmoa. Hitzarturen ibilbidea oroitu dute, eta hemendik aurrerako ari buruz hitz egin duten. Horren inguruan, herritarren erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bidea egiten hemendik aurrera Gure Esku Dago lan taldeak jarraituko duela azpimarratu dute. "Gure Esku Dagoren lan taldean ekarpenak egiten jarrituko dugu. Helburu berberarekin. Herritarrok erabakitzeko eskubidea benetan gauza dezagun bidea egiten", esan du Maite Aramendik. Laxaro Azkunek "eskerrak" emanez hasi du hitzaldia, "deialdia egindako bakoitzean herritarrok horren bikain erantzun" dutelako. Pasa den urteko urriaren 31an Gure Esku Dagok deitutako batzar batean herri galdeketa egiteko lehen hazia jarri zutela oroitu du Azkunek, eta ordutik ekainaren 5era arte egindako lan guztia azpimarratu nahi izan du. "Hilabeteak pasa dira ekainaren 5eko herri galdeketa egunetik. Gustura gaude egun eder hartaz gozatzeko zoria izan genuelako. Eta egun hartaz gain, prozesu osoaz gozatzeko zoria izan genuelako, nahiz eta prozesu horrek berekin zeraman lan guztia izugarria izan. Zorionez, dozenaka eta dozenaka lagun izan zineten azarotik ekainera bitartean lanean aritu zinetenok. Beraz, beste behin, baina gaurkoan bereziki, zuen lana eskertzea dagokigu". Ekainaren 5ean, Azpeitian, 16 urtetik gorako 4.781 herritarrek eman zien erantzuna 'Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar?' galderari; aukera zutenen %39,37k. Hitzartuk "oso balorazio positiboa" egin zuen egun hartaz: "emaitzen balorazioetan sartu gabe, aurreneko pausoa eman da Azpeitian, normaltzat eman da independentziaz, gure etorkizunaz, galdetzea". Horren ondoren, Hitzarturen ibilbide osoa laburbiltzen duen ikus-entzunezkoa ikusi dute bertaratutako guztiek. Bideoan gogoratu dituzte bidean zehar egindako egitasmo nagusiak, eta, beste behin, herritarren lana goraipatu dute. Irudietan oroitu dituzte lipdub-a, Erabaki Fest! eguna, eragileekin egindako egitasmoak eta eguna bera, besteak beste. Etorkizunean zer? Bideoa amaituta Gure Esku Dagok 2019ra bitartean duen plangintzaren berri eman du Aramendik: "Plangintza nazionala osatzen ari da. Irailean GEDk eskolak egin ziren, eta bertan bide-orriaren oinarriak finkatu ziren". Oraindik, bide-orri horretan lanean ari direla esan du, eta abenduaren 17an aurkeztuko dutela. Hala ere, behin betikoa izan ez arren, hor jasotzen diren hiru ideia orokorrak aipatu ditu.
  1. Erabaki herri galdeketak: 2016tik 2018ra ehun herri galdeketatik gora egingo dira. Horien artean izango dira eskualdeko sei herri, 2017an. Horrez gain, 2018ko ekainean Euskal Herriko bost hiriburutan antolatuko dute galdeketa. Herri galdeketa egin duten edo egingo duten herrietan dinamika berriak ere ari dira pentsatzen "pilatutako indar eta baliabideak gal ez daitezen".
  2. Adostasuna: Erabakitzeko eskubidearen aldeko adosguneak sortzen ari dira eta herri/eskualdeko galdeketen orube komuna osatzen ari dira. Tokiko adierazpenak itun herritar batean biltzea da helburua.
  3. Ehundu: Bi egitasmo nagusi daude ideia horren barruan, bata mobilizazioaren ingurukoa eta bestea nazioartekoa.
Azkenik, Azpeitian "erabakitzeko eskubidearen aldeko sua mantentzea" dutela helburu azaldu dute. Horretarako, ekimen desberdinak planteatuko dituztela. Horrez gain, galdeketa egingo den gainerako herrietan ekarpentxoa egitea ere badute helburu. Amaitzeko gerturatu diren herritaren iritzia jaso nahi izan dute galdeketa batzuen bidez. [flickr_set id="72157676466487185"]

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide