'Pasaiako Badia' dokumentalaren crowdfunding kanpaina aurkeztuko dute larunbatean Agirrek eta Otamendik

Urola Kostako Hitza 2016ko aza. 10a, 17:15

Iruñeako Katakrak liburutegian izango da, eta 1984an hildakoen senideak eta lagunak eta talde teknikoa izango dira bertan.

Proiektuaren aurkezpenean. (Hitza) Pasa den martxoan aurkeztu zuten Xabier Otamendi eta Yuri Agirre azpeitiarrek Pasaiako badia proiektua. Otamendi eta Agirre kide diren Oinatzak Produkzioak produktora ari da ordutik lanean Pasaiako segadaren inguruko ikus-entzunezkoa dokumentala sortzeko. Maiatzean hasi ziren grabazio lanak egiten, eta hildakoen senideekin eta herritarrekin hainbat testigantza "latz zein hunkigarri" jaso dituzte. Orain, proiektu hori finantzatzeko 8.000 euro lortzeko asmotan, crowdfunding kanpaina bat egingo dute eta datorren larunbatean aurkeztuko dute kanpaina hori. Iruñeako Katakrak liburutegian egingo dute aurkezpena, eta bertan izango dira hildakoen senideak eta lagunak eta lanean ari den talde teknikoa. Esan dutenez orain arte sortutako gastuen zati bati aurre egin eta aurrera begira dituzten erronkak finantzatzeko abiatu dute crowdfunding kanpaina. Kanpainak irauten duen bitartean, gaiaren inguruko erakusketak jarriko dituzte Euskal Herriko hainbat herritan, eta, jakinarazi dutenez, dokumentala 2017ko udazkenean estreinatuko dute. Ikus-entzunezkoa zinemaldi desberdinetara aurkezteko asmoa dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide