Udazkeneko eta mendiko argazki rallyko irudia. (Azpeitiko Argazki Rallya)
Igandean, eguraldi txarra eginagatik, 40 lagunek hartu zuten parte
Mendiko XXI. eta Udazkeneko XXVII. Argazki Rallyan. Azpeitiko argazkilariez gain, Zestoako, Zumaiako, Zarauzko, Donostiako, Legazpiko, Barakaldoko eta beste hainbat txokotako argazkilariak izan ziren rallyan, eta adin txikiko 14 gaztetxok ere hartu zuten parte.
Lagun Onak Mendi Bazkunak eta Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatu zuten rallya, eta hainbat gai jarri zizkieten parte-hartzaileei: udazken koloreak, lerroak, Igarako errota eta Loiolako enborrak. Rallyaren erdian hamaiketakoa egin zuten parte-hartzaileek.
Argazkilariek azaroaren 13a bitartean bidali ahal izango dituzte rallyan ateratako argazkiak argazkiakaae@hotmail.com helbidera. Argazkiekin batera, argazkien egilearen izena, gaiaren zenbakia eta artxiboaren izena bidali beharko dituzte parte-hartzaileek.
Epaimahaiak hartuko du erabakia behin epe hori pasatutakoan, eta sari banaketa ekitaldia eta argazkien emanaldia azaroaren 26an egingo dute 18:30ean hasita, Lagun Onak Mendi Bazkunaren egoitzako aretoan.