Aitor Bereziartua, Estitxu Elduaien eta Josu Labaka. (Julene Frantzesena)
Udalak martxan jarri du jada Denon Artean 2017 prozesu parte-hartzailea. 2012an hasitako bideari jarraituz, herritarrekin osatuko ditu erakundeak datorren urterako aurrekontuak.
Ostiralean aurkeztu zuten egitasmoa Estitxu Elduaien, Josu Labaka eta Aitor Bereziartua zinegotziek, eta haiek azaldu zutenez, abenduaren 13rako osatu nahi dituzte aurrekontuak, egun horretarako baitute aurreikusita abenduari dagokion udalbatzarra. Aurrekontuak urtearen bukaerarako onartuta, "datorren urte osoa proiektuak garatzeko" izango dutela esan du Labakak.
Udal Gobernua dagoeneko hasi da datorren urterako aurrekontuen proiektua prestatzen, baina hori osatzeko udal langileen eta teknikarien, alderdi politikoen eta udal zinegotzien eta herritarren ekarpenak jasoko dituzte. Dagoeneko hasi dira udal langileen eta teknikarien proposamenak-eta biltzen.
Ekarpenetarako bideak
Herritarrek eta eragileek aurrekontuak osatzeko proposamenak eta ekarpenak egin ahal izango dituzte datozen asteetan. Izan ere, udalak bide bat baino gehiago jarriko du horretarako. Besteak beste, arlokako bilerak egingo dituzte eta auzoetako bizilagunekin bilduko dira. Horrez gain, etxez etxe eskuorriak banatuko dituzte, eta horiek herriko hainbat txokotan jarriko dituzte postontzietan utzi ahal izango dira. Gainera,
www.azpeitia.eus eta
www.denonartean.eus webguneetan ere egin ahalko dira ekarpenak.
Udala egoera "lasaian"
Udala 2017rako aurrekontuen aurreikuspena egiten ari da. Elduaienek azaldu duenez, "datu zehatzak" ematerik ez badute ere, "udalaren egoera ekonomikoa, zorionez, lasaia" da. "Aurreko agintaldian eta azken urteetan egin den kudeaketaren ondorioa da hori. Baliabideak optimizatzeko eta kalkuluak nahiz aurreikuspenak zuhurtziaz ondo gauzatzeko egin diren ahaleginen ondorioz, pixkanaka udalaren zorra murrizten eta egoera ekonomikoa hobetzen joan da".
Udalak 2016ko aurrekontuetan milioi bat euro gehiago jarri zuen, eta aurten ere "beste urrats txiki bat" emango duela jakinarazi du Elduaienek. "2017ko aurrekontuei egoera on batetik egingo diegu aurre, herritarrek dituzten eta Plan Estrategikoan jasota dauden proiektuei, ahal den heinean, ahalik eta egokien erantzuteko moduan izango garelako". Zinegotziak dioenez, "zenbakiak zenbaki" lehentasunei eusten jarraituko dute: "Egoera ekonomikoa hobetzen ari dela dirudi, baina beti zuhurtziaz jardun behar dugu. Beraz, lehentasuna da Azpeitiko egoera ekonomikoa hobetzen segitzea, eplegua sortuz eta dagoenaren kalitatea hobetuz. Azpeitiarren ongizatea da gure lehentasuna, eta horretarako zerbitzu publikoak hobetzea da xedea".
Plan Estrategikoari buelta
Udalak Azpeitia 2025 Plan Estrategikoa "berrikusteko, berraztertzeko eta eguneratzeko" baliatuko du parte-hartze prozesua. Labakak azaldu duenez, "2017an garatu ahal izango diren epe motzeko proiektuak martxan jartzeko unea izango da, eta, bestalde, luzera begira lortu nahi ditugun helburuak mahai gainean jartzekoa eta berrikustekoa".
Plan Estrategikoa 2013ko urrian onartu zuten EH Bilduk, EAJk eta Hamaikabatek, eta Aitor Bereziartua zinegotziak dioenez, "aldatu" egin da egoera hiru urteotan: "Orduan lehentasuna eman zitzaion egoera ekonomikoari eta sozialari nahiz ingurumenari, eta orain, osatu egin behar dugu gazteria, immigrazioa eta hirugarren adina erantsita. Plan Estrategikoa aztertu eta eguneratu egin behar da". Hark esan duenez, Denon Artean prozesuan ikusten badute beste gairen bat ere sartu behar dela Plan Estrategikoan hala egingo dute.
Labakak dio udalak "motorra" izan behar duela herriaren eraikuntzan, baina herritarren parte-hartzea ezinbestekoa da haren ustez: "Baikortasunez gaude proiektuak martxan jartzeko, baina udalak bakarrik ezin du aurrera egin; ezinbestekoa da herritarrekin eta eragileekin harremana izatea. Herritarrekurte osoan egin ditzakete proposamenak, eta hori errazagoa da geroz eta harreman zuzenagoa eta jarraikorragoa baitu udalak herritarrekin eta eragileekin".
Denon Artean 2017
Arlokako bilerak
Azaroak 9. Aniztasuna izango dute hizpide 19:00etatik aurrera, udaletxeko areto nagusian.
Azaroak 10. Hirugarren adinaz ariko dira 11:00etan hasita, udaletxeko areto nagusian.
Azaroak 10. Euskara izango dute hizpide 19:00etatik aurrera, udaletxeko areto nagusian.
Azaroak 14. Enplegua eta ekonomia sustapenaz ariko dira 19:00etan hasita, udaletxeko areto nagusian.
Azaroak 15. Gazteria izango dute hizketarako gai 19:00etatik aurrera, udaletxeko areto nagusian.
Azaroak 16. Klima aldaketaz hitz egingo dute 19:00etan hasita, udaletxeko areto nagusian.
Auzoetako bilerak
Azaroak 15. Nuarben bilduko dira 21:00etan, Sokatira taldearen lokalean.
Azaroak 17. Lasaoko auzo lokalean egingo dute bilera, 19:00etan.
Azaroak 21. Aratzerrekako tabernan izango da bilkura, 19:00etan.
Azaroak 22. Elosiagako Añota sagardotegian elkartuko dira 19:00etan.
Azaroak 23. Urrestillako jubilatuen lokalean elkartuko dira, 19:00etan.
Azaroak 24. Matxinbentako tabernan elkartuko dira, 19:00etan.