Azpeitiko Ernaiko hainbat kide, topaketak iragartzen. (Azpeitiko Ernai)
Azpeitiko Gazte Mugimenduak topaketak egingo ditu azaroaren 12an hasi eta abenduaren 3ra bitartean. Azpeitiko Ernaiko kideek esan dutenez, topaketen helburua da alternatiben eraikuntzan pausoak ematea, eta pauso horien inguruan eztabaidatzea. Topaketak Azpeitiko gazte mugimenduko beste eragile batzuekin batera antolatu ditu Ernaik.
Azaroan zehar egingo dituzten saioetan lau lan ildo jorratuko dituzte: aisialdi eredua, feminismoa, etxebizitza eta hezkuntza. Azpeitiko Ernaiko kideen arabera, beren "bizitzen jabe" izan nahi dute. "Ez gaude ados produzitzera soilik kondenatutako zombie akritiko bilakatu nahi gaituen hezkuntza sistemarekin. Gainera, aisialdi ereduaren inguruan hausnartzea beharrezkoa dela ikusten dugu. Eta Azpeitian feminismoa ardatz duen borroka ildoa aktibatu nahi dugu, emantzipaziorako aukera berriak irekitzearen aldeko apustua egitearekin batera".
Behin azaroko jardunaldiak eginda, abenduaren 3an baloraziorako tartea hartuko dute, eta egun osorako egitaraua prestatuko dute ordurako. Kontzertuak ere izango direla aurreratu dute.
Lehen pausoa
Azpeitiko Gazte Mugimenduaren topaketak "eraikuntzarako lehen pausoa besterik ez" direla esan du Azpeitiko Ernaik, eta bigarren zita Barañainen (Nafarroa) izango dela gogorarazi dute: "Abenduaren 9an, 10ean eta 11n Euskal Herriko Gazte Mugimenduaren topaketak izango dira Barañainen. Azpeitiarrok gure hondar alea eramango dugu bertara, ideia apurtzailez osaturiko hondartzan murgil gaitezen".
Hona hemen egitarau osoa:
Azaroak 12, larunbata. Aisialdi ereduaz jardungo dute 11:00etatik aurrera, Gaztetxean.
Azaroak 22, asteartea. Feminismoaz jardungo dute 18:00etan hasita, Sindikatu Zaharrean.
Azaroak 29, asteartea. Etxebizitzaz jardungo dute 18:00etatik aurrera, Gaztetxean.
Abenduak 2, ostirala. Hezkuntzaz jardungo dute 21:30ean hasita, Gaztetxean.
Abenduak 3, zapatua. Ildoen topaketak egingo dute plazan, eta egun osoko egitaraua antolatuko dute ordurako.